Mazedoniak eta Errusiak irabazi egin dute, eta final-laurdenak jokatuko dituzte

Errusiarrek Finlandiari irabazi diote (60-79), eta mazedoniarrek Georgia hartu dute mendean (63-65)

Donostia
2011ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Lituaniako Europako Saskibaloi Txapelketako F multzoan atzo jokatu ziren partidek sailkapenean gauza asko argitu zituzten. Mazedonia eta Errusia dagoeneko sailkatu dira final-laurdenetarako, atzo lortu zituzten garaipenei esker. Mazedonia eta Georgiaren arteko norgehiagoka izan zen orekatuena, azken segundoetan erabaki baitzen (63-65). Errusiak erraz irabazi zion Finlandiari (60-79).

Mazedoniak Georgia hartu zuen mendean partida orekatu batean. Amaieran erabaki zen partida, McCalebbek azken bi segundoetan sartu zuen saskiratzeari esker. Estatubatuarraren lanak Anticen laguntza izan zuen taulapean —zortzi puntu eta zazpi errebote— abantailari eusteko. Hala ere, partida guztian abantaila ez zen hamar puntutatik igaro Mazedoniaren alde (38-48). Baina Tskitixviliren lanak —20 puntu eta hamar errebote—, Sanikidzeren laguntzarekin —hamabost puntu—, abantaila murriztea lortu zuen, lehia amaiera arte luzatuz.

Bigarren norgehiagokan, Errusiak erraz irabazi zuen Finlandiaren aurka. Barneko jokalarien jokoaz baliatu zen markagailuan ihes egiteko —Vorontxevitx 11 puntu, Kirilenko 14 puntu eta Mozgov 11 puntu—, baita Finlandiak galdutako baloiak ere: guztira, 18. Hainbeste galdutako baloiei buelta emateko, hiruko jaurtiketekin ahalegindu ziren (21etik 9).

E multzoko partidak, gaur

Dagoeneko bi talde sailkatu dira final-laurdenetarako, Errusia eta Mazedonia. Biek hiru garaipen dituzte, hiru partidetatik. Bien arteko norgehiagokan —astelehenean jokatuko dute— erabakiko da sailkapeneko lehen postua.

Gaur, E multzoko hiru norgehiagoka jokatuko dira. Lehena, Espainia eta Serbiaren artekoa izango da. Ondoren, Alemaniaren eta Turkiaren artekoa jokatuko da, eta azkenik, Lituania eta Frantziaren artekoa. Frantziak, Espainiak eta Lituaniak garaipena lortuz gero final-laurdenetarako sailkatuko dira. Aldiz, Alemania txapelketetatik kanpo geratuko da galduz gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.