Frantziako Tourra

McEwen esprintean garaile

Robbie McEwen izan da onena Frantziako Tourreko bosgarren etapan. Chambord eta Montargis artean egin den lasterketan Davitamon-Lotto taldeko txirrindularia izan da azkarrena. Juan Antonio Flecha (Fassa Bortolo), Laszlo Bodrogi (Credit Agricole), Kjell Carlstrom (Liquigas-Bianchi) eta Salvatore Commessoren (Lampre-Cafita) ihesaldia pelotoiak irentsi du helmugara iristeko 11 kilometro falta zirela.

2005eko uztailaren 6a
19:20
Entzun
Robbie McEwenek poltsikoratu du bosgarren etapako garaipena. Davitamon-Lotto taldeko txirrindularia zigortua izan zen astelehenean egin zen 3. etapan. Narraskeriatan aritu ostean, azkenengo postura bidali zuten txirrindulari australiarra. Gaur, bere zorrak kitatzeko aukera izan du; eta egin du.

Gaurkoan ere esprintean erabaki da etapa. Azkenengo metroetan Frances des Jeux taldea ibili da lanean Bradley McGee liderrarentzat. Tom Boonen (Quick Step-Innergetic) belgikarra ere oso ondo kokatuta zegoen. Azken leiha, Boonen eta McEwenen artekoa izan da eta txirrindulari australiarra gailendu da.

Frantziako haizearen eraginez edo, lasterketa oso mugitua izan da hasieratik. Lehenengo kilometroan lau txirrindularik ihes egin dute, baina laugarren kilometroan pelotoiak harrapatu ditu.

Eguneko ihesaldirik luzeena Juan Antonio Flecha (Fassa Bortolo), Laszlo Bodrogi (Credit-Agricole), Kjell Carlstrom (Liquigas-Bianchi) eta Salvatore Commessok (Lampre-Cafita) egin dute. Ihesaldia hasi duena Fassa Bortoloko txirrindularia izan da. Kilometro batzuk aurrerago beste hiru txirrindulariak elkartu zaizkio. Lauek batera eraman dute aurrera ihesaldia. Baina pelotoia ez da lo geratu eta, helmugarako 11 kilometro falta zirela, lau kirolarien abenturarekin bukatu du.

Azken metroetan, Frances des Jeux izan da erritmoa jarri duena. Bradley McGee taldekide eta esprinterrarentzat lanean aritu dira, baina Robbie McEwen australiarra azkarrago ibili da. Boonenekin leihan aritu ostean Davitamon-Lottoko txirrindulariak irabazi du lasterketa.

Bosgarren etapako gertakari garrantzitsu bat Constantino Zaballa (Saunier Duval-Prodir) kantabriarraren erretiroa izan da.

Sailkapen orokorrean aldaketa gutxi dago. Lance Armstrongek lider izaten jarraitzen du. Erregulartasunaren elastikoak ere Tom Boonenen eskuetan dago eta mendikoarena Erik Dekkerrena da.

Biharkoan seigarren etapa jokatuko da Troyes eta Nancy artean. Ibilbideak 199 kilometro ditu. Nahiko irregularra da hau ere baina ez da menditsua. Gaurkoaren antzera ihesaldiak egotea espero da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.