Atzo Katie Ledecky igeriketako izarra gainditu zuen Ariarne Titmus australiarrak, emakumezkoen estilo libreko 400 metroko finalean. Eta gaur, beste urre bat eman dio Australiari Kaylee McKeown 20 urteko igerilariak, bizkar estiloko 100 metroko proba irabazita. Gainera, errekor olinpiko berria ezarri du: 57.47 segundoko denbora egin du. Amaieran jotako erasoak eman dio garaipena. Atzetik, bigarren postuan amaitu du Kylie Masse kanadarrak, eta brontzezko domina Regan Smith estatubatuarrarentzat izan da. Gizonezkoetan, berriz, Evgeny Rylov errusiarrak irabazi du urrea, Kliment Kolesnikovek zilarra, eta Ryan Murphyk brontzea.
Bestalde, ezustekoa izan da emakumezkoen bular estiloko 100 metroko finalean. 17 urte baino ez dituen Lydia Jacoby estatubatuarrak lortu du urrezko domina. 27 ehunen gehiago behar izan ditu Tatjana Schoenmakerrek, eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan du Lilly King estatubatuarrak; hura zen proba irabazteko faborito nagusia.
Gizonezkoen estilo libreko 200 metroko finala ere gaur jokatu da. Tom Dean britainiarrak jantzi du urrezko domina. Duncan Scottentzat izan da zilarrezkoa, eta Fernando Scheffer brasildarrak lortu du brontzezkoa.