Aurreko astean Monzan bertan eginiko saioetan McLarenek oso auto azkarra zuela ikusi zen, eta atzo horixe berretsi zen Italiako Sari Nagusirako sailkatze proban. McLarenen zilarrezko geziak ukiezinak dira Monzan, eta Fernando Alonso bereziki. Lehen saioa kenduta, espainiarrak denbora onena egin du beti, eta dezenteko aldearekin. Gaur aukera ona du Lewis Hamiltonen aldean duen bost puntuko atzerapena murrizteko.
Lasterketan McLareneko bi gidarien arteko lehia espero da, eta atzetik Ferrarik nahiko lan izango du BMW taldeari eusten. Nick Heidfeldek laugarren postua kendu zion atzo Kimi Raikkoneni, eta ziurrenik alemaniarrak lehen txanda laburra egingo badu ere, finlandiarrari ez dio mesederik egingo. Felipe Massa hirugarren da, eta puntu gutxi galtzen saiatu beharko du, bere helburua podiumean amaitzea izanik. Oso litekeena da txapelketa McLarenen aldera orekatzea gaurko lasterketaren ondoren.
Atera dezakeen abantaila hori, ordea, ezerezean gerta daiteke hilaren 13an. Aspaldi frogatu zen McLarenek 800 orriko kaiera jaso zuela Ferrariko Nigel Stepneyrengandik. Dokumentu hori McLareneko Mike Coughlan diseinatzaile buruak jaso zuen urte hasieran. FIA kasua ikertzen hasi eta berehala McLarenek Coughlan kaleratu zuen, baina horrekin ez zen arazoa konpondu. Izan ere, zenbateraino baliatu du McLarenek informazio hori?
GIDARIAK ERE NAHASTURIK. Dokumentu horretan, aurtengo Ferrari F2007 autoaren deskribapen zehatza egiten zen. McLarenek dokumentu hori jaso zuenerako, aurtengo MP4-22 autoa erabat amaitua zen, beraz diseinu horrengan eragina arbuiagarria da. Baina, aldiz, Ferrari autoaren erregai depositoaren tamaina, esekidura konfigurazioa, motorraren indarra, kontsumoa eta bestelako datu garrantzitsuak agertzen dira, aurten bertan oso erabilgarri liratekeenak edozein talderen eskuetan.
Iskanbila horren guztiaren hotsak aspalditik entzuten ari ginen, baina halako leherketarik ez zen espero. Aste honetan bertan jakin da, denboraldi hasieratik zutela informazio horren berri McLaren taldeko gidariek, eta autoa prestatzeko unean kontuan izaten zutela. Pedro de la Rosa probatzaile fina da, eta Ferrariko dokumentuetatik informazio preziatua atera zuen, ondoren Alonsori mezu elektroniko batzuetan bidali ziona.
FIAk mezu horien berri jakin ostean, McLaren taldeko gidariei eskatu zien informazio hori FIAren eskutan jar zezatela, eta horixe egin du Alonsok aste hasieran. Horrek are eta gehiago harrotu ditu hautsak talde barruan, ez baitio mesederik egiten. Gainera, espioitza kasua eta haren ondorioak oso sakonak direla erakusten du.
Oso itxura txarra hartzen ari da gaia, eta kaltetu nagusia McLaren izango da. Puntuak galduko dituela ia segurua da, baina zigor gogorragoa ere jaso dezake: 1 Formulatik at geratzea. Taldeko abokatuak gelditu gabe dabiltza aukera hipotetiko horri aurre egiteko, baina nahaste borraste handia nabari da.
Guztiaren atzean, Alonso bera onik atera daiteke. Zigorra ez litzateke bere kontra, taldearen kontra baizik, eta horrela, libre litzateke taldez aldatzeko. McLareneko abentura erdi hustela atera zaio, eta Renaultera itzuli nahi du. Oraingoz, gaur McLarenentzat gidatuko du, eta, seguruenik, irabazi ere bai. Renaulteko bere lagunak, aldiz, oso atzean daude.
McLaren: nagusi pistan, susmagarri bulegoetan
Alonsok erraz lortu du 'pole'-a Italiako Sari Nagusian, Hamilton taldekidearen aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu