McLarenena da denboraldi hasiera honetako autorik onena, Red Bullen azken urteetako nagusitasunari lekukoa hartuta. Larunbatean sekulako aldearekin nagusitu ziren Australian pole-a lortzeko, eta igandean kontrolpean izan zuten lasterketa. Segurtasun autoagatik izan ez balitz, Lewis Hamilton (McLaren) bigarren izango zen. Baina probak ematen dituen aukera guztiak baliatu behar dira, eta horixe egin zuen Sebastian Vettelek (Red Bull) bigarren posturako bidean. Egungo txapeldunak horrela lortu zuen traza kezkagarria zuen asteburuari emaitza txukuna ateratzea. Seigarren postutik abiatu zen.
Beste itxura bat izango du aurten txapelketak. Hasiera-hasieratik Red Bull izan zen nagusi iaz. McLarenek hartu du lekukoa; modu agerian, gainera. Sailkatze saioan txundituta utzi zituen guztiak, lehen lerroa argi eta garbi lortuta. Mercedesek ere oso emaitza ona lortu zuen larunbatean, baina kale egin zuen igandean. Baliteke Malaysiako irteeran berriro ere antzeko ilara ikustea, baina lasterketan ere antzekoa gertatuko da: McLaren eta Red Bull dira nagusiak.
Mercedes autoak oso azkarrak dira itzuli bakarrera, baina luze egiten zaie lasterketa. Gainerako autoek baino gehiago gastatzen dituzte pneumatikoak, lehen itzulietatik bertatik. Michael Schumacher berehala geratu zen lasterketatik kanpo, baina ordurako nabaria zen beherakada. Eta Nico Rosbergek gauza bera pairatu zuen lasterketa guztian. Horixe da alemaniarrek duten arazo nagusia; arazo larria, eta konpontzen batere erraza ez dena. Batzuentzat arazo dena besteentzat abantaila da: Lotus eta Williams oso gozo dabiltza pneumatikoekin, ederki zaintzen baitituzte.
Romain Grosjean probatik kanpo goiz geratu izanak zalantza bat utzi zuen, ordea: noraino hel zitekeen frantziar gaztea? Malaysian ikusi beharko da, denboraldi hasierako efektua erangikorra baita oraindik. Behin Europako lasterketak hasten direnean, taldeek muturreraino garatuko dute autoa, eta nagusiek gora egingo dute. Horien artean Ferrari nabarmendu behar da; Fernando Alonsori esker, kaltea mugatu zuten Australian. Malaysian lanak izango dituzte, bi edo hiru talde azkarrago bai baitaude.
Lehen lasterketak zehaztu du nor den lehen liderra, Jenson Button (McLaren), eta hark sendoa dirudi. Ez da gidari azkarrena, baina oso burutsua da, eta Hamiltonena zen etxean nagusi bilakatu da. Asko alda daitezke gauzak oraindik, baina denboraldia indartsu hasten duenak hala amaitzen du. Red Bull hainbestean hasi da; Ferrari, atzeratuta.
McLarenek eman du lehen kolpea
Jenson Buttonek erraz irabazi du Australiako Sari Nagusia, eta Lewis Hamilton ere igo da podiumera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu