Aurten ere Galiziarako bidean da emakumezkoen Kontxako Bandera, aurreko lau urteetan bezala. Orain arteko bandera guztiak Euskal Herritik mendebaldera dagoen herrialde horretan astindu dituzte. Hainbat galdera sortzen da nagusitasun horren inguruan, eta horiek erantzun dituzte estropada preziatuan galiziarren aurkari izaten ari diren Getaria-Tolosa, San Juan eta Zumaiako entrenatzaileek: Angel Larrañagak, Ander Oterok eta Joxe Enrike Manterolak. Erantzun mamitsuak eman dituzte.
Beste kontu batzuen inguruan ere aritu dira. Igandeko estropada aztertu dute, eta datorrenekoari begira ere jarri dira. Hirurek ia erabakita ikusten dute banderaren lehia, eta joan zen igandeko arantza ateratzen saiatuko dira. Hori egiten badute, gerta dadila gero gertatu beharrekoa; kronometroak jarriko du bakoitza bere lekuan.
GALDERAK
1. Erabakita al dago aurtengo Kontxako Bandera?
2. Datorren iganderako zein da zure taldearen helburua?
3. Aurreko igandeko estropadaz zer iritzi duzu?
4. Galiziak onena ematen du Kontxan edo Euskal Herriko taldeek ez dute berea ematen?
5. Galizia dagoen bitartean ezinezkoa izango al da Kontxako Bandera besteren batek irabaztea?
ANGEL LARRAÑAGA
Getaria-Tolosako entrenatzailea
«Galizia selekzioa da, eta hori ez da mesedagarria emakumeen arraunarentzat»
1. Aldeak handiak dira, eta ez dago erraza, baina besteek dena ondo egin beharko dute, gu hor egongo garelako, dugun onena emateko asmoz.
2. Txanda irabaztera aterako gara, eta gero ea zer esaten duen kronometroak. Planifikazioa horretara dugu bideratua. Asmoa da igandean bezala txukun irtetetea.
3. Urteko estropada onena egin genuen, denborek hori esaten dute. Gero, Galiziari guk eman genion bitamina, ziabogan ez genuelako asmatu. Ordura arte, estutu bat eman genien.
4. Oso garbi daukat: hemengo traineruak egongo ez balira, Kontxako Banderarik ez litzateke jokatuko, Gipuzkoako ontziak hiru garelako, eta Galiziakoa bakarra. Haiena selekzioa da, eta han dituzte fitxa gehien. Atera kontuak zenbateko aukera daukan talde indartsua osatzeko. Espainia osoko selekzioa da, gainera, handik eta hemendik hartzen dituelako arraunlariak. Koska bat gorago daude beti, gauzak horrela egiten dituztelako, baina, nire ustez, egiten duena ez da batere mesedegarria emakumezkoen arraunarentzat.
5. Zaila izango da irabaztea. Galiziak horrela segitzen badu, eta egiten dituen gauzak egiten segitzeko aukera ematen jarraitzen bazaio, zaila izango da hemengoren batek irabaztea. Abantaila asko dauzka, eta aukera horiek denak ondo baliatzen ditu urtero Kontxako Bandera lehiatzera etortzen denean.
ANDER OTERO
San Juaneko entrenatzailea
«Kontxako Bandera ekainean balitz, Galiziak ez luke hain erraz irabaziko»
1. Ezer arrarorik gertatzen ez bada, erabakita dagoela uste dut.
2. Datorren igandean ahalik eta lan onena egitera aterako gara, bandera irabazteko lehia alde batera lagata. Egunekoari bakarrik erreparatuko diogu, eta ea bat edo beste atzean uzten dugun.
3. Dezente ondo egin genuen arraunean, baina galiziarrek tarte handiegia atera ziguten. Bestela, Getaria-Tolosak eta Zumaiak ez ziguten tarte handia atera, eta neskak gustura geratu ziren egindako lanarekin.
4. Hemengoak taldeak gara, eta Galizia, aldiz, selekzioa. Beraien artean lehiatzen dira bateletan eta, ekainean bat egin arte. Orduan elkartzen dira batera ibil- tzeko. Nahi adina aukera dauka arraunlariak aukeratzeko. Seik edo zazpik osatzen dute bizkarrezurra, eta gero, beste sei-zazpiak aldatuz joaten dira. Arraunean asmatzen hasten direnerako, denboraldiaren amaiera izaten da, eta Kontxa dago hor. Ekainean balitz bandera hau, ez lukete halako erraztasunez irabaziko.
5. Urteren batean eroriko da bandera hemen. Zumaiak, esaterako, ez zuen egin igandean uda osoan egindako lana. Begira osteguneko estropadan non geratu zen Galizia. Gero, halako selekzioetan elkarren arteko haserreak gerta daitezke urteren batean asma- tzen ez badute, eta hurrengo urtean osatu ere ez lukete egingo taldea.
JOXE ENRIKE MANTEROLA
Zumaiako entrenatzailea
«Hemengo batek Kontxa irabaztea ez da ezinezkoa. Edozein urtetan gerta daiteke»
1. Dena ez dago erabakita, baina gehiena bai. Gure aldetik, hamalau segundo atzetik joatea asko da, eta, gainera, eguraldi ona dago emanda; beraz, zaila izango da sailkapena iraultzea.
2. Gure helburua da txanda irabaztea, eta bandera ere etxera ekartzea. Badakigu banderarena oso zaila dagoela, baina horretara aterako gara.
3. Guk zerbait ez genuen ondo egin, eta uste dut barrurako luzean ibiltzen ez genuela asmatu; kaleak izango zuen eragina, akaso. Baina ez genituen gauzak hain gaizki egin; ez zen izan hain estropada txarra, hasieran ematen zuen bezala.
4. Litekeena da hemengoek huts egitea. Aurtengo emaitzak baloratzen badira, Galiziak Getaria-Tolosari bederatzi segundo ateratzea normala da, eta San Juani hogei sartzea ere bai. Baina guri hamalau segundo ateratzea ez da normala, urtea nola joan den ikusita. Gero, Galiziak traineru berria atera zuen, Amilibiarena, eta horrek ere eragina izan zezakeen. Baina ez da erraza balorazioa egitea, Zarauzko estropadako lehen egunean guk atera genizkiolako Galiziari hamabi segundo. Igandean, kontrakoa gertatu zen.
5. Ez da ezinezkoa hemengo talde batek irabaztea Galizia tartean dagoen bitartean. Aurten bertan ere bada irabazteko aukera oraindik, zaila izango den arren. Ostegunean ikusi zen sailkatze estropadan Galizia ere mendera daitekeela Kontxako Banderan. Edozein urtetan irabaziko du hemengo batek.
Arrauna. Kontxako Bandera
Mendebaldeko laino beltzari so
Galiziak menderaezina ematen du Kontxako Banderan. Horretaz, joan zen igandeko lanaz, eta datorren domekakoaz jardun dute, besteak beste, Getaria-Tolosako, San Juaneko eta Zumaiako entrenatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu