Mendebaldeko Konferentzian duen lidergoa askok espero baino sendoagoa dela erakusten ari da Portland Trail Blazers gauez gau. 5-1 balantzearekin daude dagoeneko Oregongoak, eta azken partidan Los Angeles Lakers garaitu zuten. Ondo gainera, 107-96 nagusitu baitzen Nate MacMillanen taldea. Gerald Wallacek 31 puntu sartu zituen, eta LaMarcus Aldridgek 28 puntu eta hamar errebote. Lakersen lan ona egin zuten Bryantek, Bynumek eta Pau Gasolek, baina ez zen nahikoa izan.
Jardunaldiko beste partidetan, nabarmentzekoa izan zen Dallasek San Antonion hartutako astindua, 93-71, eta Miamik Atlantan lortu zuen garaipena. Dallasek joko ona aurkitu ezinik dirau, eta partida penagarria egin zuen erasoan. San Antoniok 16 hiruko saskiratu zituen. Miamik meritu handiko garaipena lortu zuen hirugarren luzapenean, Wade eta James gabe. 34 puntu eta 13 errebote lortu zituen Chris Boshek.
Mendebaldeko lidergoa sendoa dela erakutsi du Portlandek, Lakers garaituta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu