Castron arnasa lasai hartu zuten atzo. Batetik, etxean bertan gaur Espainiako Txapelketa irabazteko hautagaitza sendoa azaldu zutelako; bestetik, Kantabriako txapelketan bizilagunak -Astillerok- eman zion astindua kontrako bidean bidali zuelako. Sekulako estropada egin zuten Juan Mari Etxaberen arraunlariek zaleen babesean, eta bi txandak kontuan izanda, denbora onena lortu zuten. Hortaz, gaur, ohorezko txandan ariko dira, eta atzokoa berriz egiteko gai badira, arrisku galanta Espainiako Txapelketa etxean uzteko. Beldurra sartu zien aurkariei, eta bizilagunaren aurrean, mendeku hartu ere bai.
Bigarren txandan aritu ziren etxekoak, Urdaibairekin, Hondarribiarekin eta Cabo da Cruzekin batera. Bazekiten aurrena egiten bazuten gaurko ohorezko txandan izango zirela. Gogotsu eta indartsu ekin zioten lanari, eta berehala erakutsi zieten muturra gainerakoei. Bigarren postuan, ezustean, Hondarribia zebilen Urdaibari aurrea hartuta. Gaizki ekin zioten estropadari bizkaitarrek, eta bukaeran konpondu zuten konpondu beharrekoa. Lan erditan, hirugarren ziren, eta kontuan izanda bi txandetako irabazleez gain gainerakoen artean denbora onena egiten zuten biak sailkatuko zirela banderaren lehia jokatzera, borroka horretatik kanpo zeuden. Izan ere, lehen txandako San Pedroren denbora hobetu ezinda zebiltzan. Hondarribiak ere zortzi segundoko tartea hartu zien, baina azken luzean sekulako erakustaldia eman zuten Patxi Bilbaoren arraunlariek. Hondarribiari aurrea hartu zieten. Nola, gainera. Harrapatu eta atzean laga zituzten. Amaieran, sei segundo aurretik sartu ziren. Estropada erdian taxuz arituta, bigarren denbora lortu zuten txanda bereko Castroren atzetik, eta gaurko lehia onean arituko dira, iazko garaipena errepikatzeko aukerarekin. Etxekoekin eta bizkaitarrekin batera, Hondarribia sailkatu zen lau onenen artean. Hirugarren denbora egin zuten Mikel Orbañanosen arraunlariek. Lehia estu-estua izan zuten Urdaibairekin, eta horrek konfiantza emango zien. Espainiako Txapelketan aritzeko aukera edukitzea saritzat jo dute hondarribiarrek, Euskadikoan egindako lanaren ordaina. Bada, atzo, sariari saria gehitu zioten, eta ohorezko txandan ariko dira.
Laugarren trainerua Astillero izango da. Lehen txandan aritu ziren kantabriarrak, gainerako guztien begiradapean. Kantabriako Txapelketan emandako erakustaldiak zur eta lur laga zituen guztiak, eta egun bateko kontua zen edo sekulako taldea daukan jakin nahi zuten guztiek. Estropada hasi orduko, bigarren aukeraren alde egingo zuten, ekin orduko sekulako astindua eman zielako San Pedrori eta Pedreñari. Lehen ziabogan bederatzi segundo kentzen zien pasaitarrei, eta hamar kantabriarrei. Azkenean, erraz irabazi zuen txanda, baina bigarrengoko lehen hirurek baino denbora txarragoa eginda. Hortaz, Astillero, atzoko sailkapenean, Castro, Urdaibai eta Hondarribiaren atzetik gelditu zen.
San Pedro atzoko galtzailea
Lehen txanda horretan, gerora argigarria izan zen egoera ari zen gertatzen. Bigarren posturako lehian, borroka estuan zebiltzan Pasai San Pedro eta Pedreña.Ikusita San Miguel ligan gipuzkoarrak kantabriarrak baino askoz hobea dabiltzala, ez ziren aurreikuspen onenak San Pedrorentzat. Azkenean, baieztatu egin ziren uste txar guztiak, eta ohorezko txandatik kanpo gelditu ziren.
Gaur, 12:00etan, lehen txandan ariko dira, Pedreña, Meira eta Caborekin. Bandera beste lauren artean jokatuko dute gero. Atzoko denborek ez dute balio, baina Castrok abantaila dauka, beldur pixka bat sartu zielako besteei.
Mendeku hartu, beldurra sartu
Castro, Urdaibai, Hondarribia eta Astillero ariko dira gaur Espainiako Txapelketa irabazteko txandan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu