Inter Milan 0. Bayern Munich 1

Mendekuaren arrastoan

Interrek aukera hobeak izan dituen arren, Bayern gehiago izan da, eta azken minutuan lortu du merezitako gola

Imanol Magro Eizmendi.
2011ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Inter Milan. Julio Cesar; Chivu; Rannochia (Kharja, 73. min.); Lucio, Maicon; Motta, Cambiasso, Zanetti, Stankovic, Sneijder; eta Eto'o.

Bayern Munich. Kraft; Pranjic (37. min, Breno), Badsturber, Tymonschuk, Lahm, Luiz Gustavo, Schweinsteiger; Riber, Muller, Robben; eta Gomez.

Golak. 1-0. Gomezek (90. min.).

Epailea. Viktor Kasai. Txartel horiak Interreko Zanatti eta Mottari eta Bayerngo Riberyri eta Gustavori.

Bestelakoak. 80.000 ikusle Milango Giuseppe Meazza estadioan.

Mendekuaren arrastoan zelairatu zen atzo Bayern Munich Giuseppe Meazzan. Iazko maiatzaren 22ko Txapeldunen Ligako zauriaren orbainak oraindik min ematen dio Bavariako taldeari. Bederatzi hilabete geroago zorrak kitatu nahi zituen, odolkiak ordainetan izaten direla erakutsi. Eta ondo saiatu zen, bide onetik, eta jokoan gaina hartu zion Interri. Bayernek talentu izugarria du zelai erditik aurrera: Ribery, Muller, Robben, Gomez... Denek bat eginda Europako talde erasokorrenetako bat bihurtzen dute. Baina atzo Interren harresiarekin egin zuten talka, ia partida osoan. Eta hala ere Milango taldea izan zen hain zuzen ere aukera onenak izan zituena, kontra erasoan. Baina azkenean futbolak joko alaia saritu zuen, eta Gomezek partidako azken minutuan sartu zuen gola, min gehien ematen duenean.

Txapeldunen Ligako partida petoa izan zen, erritmo bizian jokaturikoa eta oso polita. Bi estiloren arteko talka, partida bainoago bi bizi ikuskeraren arteko eztabaida filosofikoa zirudien. Lehen zatian Bayernek izan zuen ekimena, baina bi taldeek izan zituzten aukerak. Interrek baloia aurkarien oinetan utzi zuen, hainbestetan egin bezala. Eroso ziren etxekoak zain, lubakian gordeta, eta eroso ziren kanpokoak baloia oinetan hartuta. Bayernek jokoa eraikitzeko ahal ikaragarria du, baina halere, lehen aukera ona etxekoek izan zuten. Etook, Interreko onena atzo, hondoko marratik jokaldi bat egin, eta Cambiassok ate aurrean kale egin zuen (22. min.). Hobe esanda, Kraft gazteak gelditu zuen. Ikaragarria Kamerungo aurrelariak atzokoak eginiko lan eskerga.

Bayernek denbora gutxi behar izan zuen kolpea bueltatzeko (23. min.), Riberyren burukada langara joan zenean. Lau minutu geroago Gomez izan zen area barnean aukera ona izan zuen. Bayernek zuen baloia, baina ez kontrola, eta Interrek beste bi aukera ona izan zituen atsedenaldiaren aurretik. Garbiena Etook (32. min.), area barnean buelta eman eta Kraftek ondo gelditu zuen jaurtiketa bortitza. Inter ez da iazkoa, baina Txapeldunen Ligako txapelduna ezin da inoiz gutxietsi, nahiz eta ondo ez jokatu.

Bigarren zatian Bayernek are erasokorrago jokatu zuen. Robbenek hartu zuen lema, eta berari segika kideak hazi egin ziren. Lehen hogei minutuetan Julio Cesarren atea setiatu zuen. Gomezek aukera ona izan zuen lehen minutuan, eta Robbenek baloia zutoinera bidali zuen 56. minutuan. Jaurtiketa hori talde guztiak eginiko jokaldi ikusgarri baten ondorio izan zen. Baina Inter hor zegoen, zain, eta beste aukera oso on bat izan zuen (65. min). Etook area barnetik jaurti, Kraftek gelditu, eta Cambiassok ez zuen aldaratzea baliatu. Hortik aurrerakoak oso urduriak izan ziren, eta Interrek aukerak izan zituen. Bukaeran, baina, Bayernek egin zuen barre (90. min.), Gomezek Robbenen jaurtiketaren aldaratzea sareetara bidali zuenean. Orbainak min pixka bat gutxiago ematen du orain, eta nabarmentzekoa da Italiako hiru taldeek joaneko partidak galdu dituztela Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan.

Manchesterren erabakiko da

Manchester Unitedek emaitza ona lortu zuen Olimpique Marseilllaren zelaian atzo jokaturiko final-zortzirenetako beste partidan (0-0). Norgehiagoka orekatua izan zen, eta bi taldeek izan zituzten gol aukerak, baina aurrelariak ez ziren batere fin ibili ate aurrean. Manchesterrek hutsune ugariak nabaritu zituen, baina emaitza ona lortu zuen kanporaketa Old Traffordeko zale beroen aurrean erabakitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.