Mendeurrena ospatzeko festa

Amerika kopa hasiko da larunbat goizaldean, AEBetan. Iaz jokatu bazen ere, aurten berriz egitea erabaki dute, estreinako ekitaldia jokatu zela ehun urte bete direla ospatzeko

Lionel Messi argentinarra, baloiarekin, Bryan Rabello txiletarrarekin lehian, Santiagon jokatutako 2018ko Munduko Koparako sailkatze partidan. SEBASTIAN SILVA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2016ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Futbolak ez du etenik, eta, herrialdeetako liga nagusiak amaitu orduko, selekzioen txanda da orain. Eurokopa datorren astean hasiko da, Frantzian, eta Amerika kopa, larunbat goizaldean, AEBetan. Europako lehiaketa aurten izatea tokatzen zen, lau urtez behin izaten delako; ez, ordea, Amerikakoari, iaz jokatu baitzuten, Txilen. Baina aurreneko txapelketa jokatu zutela ehun urte betetzen direnez aurten, urteurren biribila izanik, berriz antolatu dute. Ez zen tokatzen, eta, horregatik, futbolzalea pozik da, beste txapelketa handi bat ikusteko pagotxa izango duelako. Opari polita da.

Hamasei selekzio ariko dira, lau multzotan banatuta, eta bakoitzeko lehen bi sailkatuek jokatuko dituzte final-laurdenak. Amerikan, bitan banatuta daude selekzioak: batzuk Conmebol izeneko multzoan daude, Hego Amerikakoak, eta besteak, Concacaf deiturikoan, gainontzekoak. Ia beti, Hego Amerikako selekzioek bakarrik jokatu izan dute lehiaketa, baina, 1993tik, bi multzoetako taldeak ari dira jokatzen. Hamabi taldek parte hartu izan dute, baina, aurtengoa berezia denez, hamasei izango dira.

Faboritoez hizketan hasiz gero, Argentina eta Brasil nabarmendu behar dira, Amerikako selekzioen txapelketetan ohikoa izaten den moduan. Nahiz eta brasildarren jokalari zerrendan izar batzuk falta izan, deigarriena Neymar ez aritzea izango da; gaur-gaurkoz, herrialdeko jokalari onena. Argentinaren kasuan, izar nagusia, Lionel Messi, txapelketan izango da, eta gainerako taldekideak ere oso onak dira. Tata Martino entrenatzaileak oso talde indartsua osatu du.

Bi selekzioei egokitu zaizkie multzo erraz antzekoak, aldez aurretik ikusita behintzat. Argentinak ez luke arazorik izan behar sailkatzeko, Txile, Panama eta Bolivia baititu arerio. Brasilen kasuan, Ekuador, Haiti eta Peru egokitu zaizkio.

Selekzio hauen artean, badira bi, aipamen berezia merezi dutenak: Txile eta Ekuador. Txile izan zen iaz Amerika koparen garailea —aurreneko aldiz lortu zuen txapelketa—, eta aurten ere faboritoen artean dago. Ikusi egin beharko da nola barneratzen duen entrenatzaile aldaketa: Jorge Sampaolik kargua utzi du, eta Juan Antonio Pizzik ordezkatu du aurten. Ekuadorren izena hemen jartzekoa da, 2018ko Munduko Koparako sailkatzeko fasean dotore ari delako Conmeboleko selekzioen artean. Sei partida jokatu ditu, eta bigarren doa; lau aurrenak sailkatzen dira zuzenean. Maila bera emateko gai bada, txapelketa polita egin dezake.

Beste selekzio batzuk ere badaude faboritoen artean: Kolonbia, Uruguai, AEBak eta Mexiko dira nabarmentzekoak multzo horretan. Uruguai da nagusi garaipen zerrendan, hamabost bider irabazi baitu txapelketa, inork baino gehiago —bat gutxiago irabazi du Argentinak—. Taldea gaztetzen dabil Oscar Washington Tabarez entrenatzaile beteranoa, eta, betiko jokalariekin gazteak nahasita, ikusi egin beharko da nolako txapelketa egiten duen. Luis Suarez golegilea taldean izanda, balentriaren bat espero daiteke, nahiz eta lehen partidetan ezingo den aritu, lesio bategatik.

Kolonbiak erakutsi zuen duela bi urteko Munduko Kopan zertarako gai den —final-laurdenetara iritsi zen—, eta, aldaketa batzuk badiren arren orduko taldetik, jokalari onak dauzka Jose Pekerman entrenatzaileak bere aginduetara. James Rodriguez dauka izar handi gisa. Etxeko selekzioak ere badu lekua hemen, AEBek. Munduko Kopan oso maila ona eman zuten, eta jokatu ere ondo jokatu zuen Juergen Klinsmannen selekzioak.

Hain zuzen, Uruguai eta AEB A multzoan ariko dira, Paraguai eta Costa Ricarekin batera. Laukote horrek osatzen du multzo zailena eta berdinduena, itxuraz. Ea Costa Rica gai den duela bi urteko Munduko Kopako maila berriz emateko —final-laurdenetara iritsi zen—. Izango du hutsune handi bat: Keylor Navas atezaina faltako da.

Mexikok oso talde indartsua osatu du, eta, nahiz eta txapelketa handietan beti zerbait oker ateratzen zaion, baliabidez behintzat edonor gainditzeko moduko taldea da Juan Carlos Osoriorena.

Egongo ez diren izarrak

Distira egingo dute Messiren argipean beste izar batzuek ere, eta berriak ere azalduko dira, txapelketa guztietan gertatzen den bezala. Beste honetan ere, ordea, zaharrak berri izango ditu Amerika kopa honek: izar batzuk ez dira ariko, hainbat arrazoi dela medio.

Egongo ez direnekin hamaikako dotore askoa osatzeko aukera dago. Hasteko, Keylor Navas atezaina faltako da, lehen aipatu bezala; atzelarien artean, Pablo Zabaleta eta Ezequiel Garay argentinarrak faltako dira, eta Marcelo eta Thiago Silva brasildarrak; erdilarien multzoan, Nestor Ortigoza paraguaitarraren lesioak zulo handia utziko du haren taldean, eta Lucas Biglia argentinarraren falta ere sumatuko du Tata Martinok, Paulo Dybala herrikidea bezala —Juventusek ez dio utzi jokatzen—; aurrelarien artean, Carlos Tevez Argentinakoa, eta Neymar eta Douglas Costa brasildarrak ikusteko gogoz geratuko da zalea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.