2013an mendeurreneko Tourra jokatuko da, eta gaur goizean aurkeztuko dute ibilbidea. Antolakuntzak ibilbide ikusgarri eta menditsua izatea nahi du, hainbat gain klasikori gorazarre egiteko. Korsikan hasiko dela jakina da, ekainaren 29an, eta uztailaren 21ean bukatuko. Gaurko aurkezpenean, besteak beste, azken lau aldietako irabazleak elkartuko dira: Alberto Contador (2009), Andy Schleck (2010), Cadel Evans (2011) eta Bradley Wiggins (2012).
Lehen Tourra 1903an jokatu bazen ere, Mundu Gerren eraginez hamar urtez ez zen probarik egon, eta, beraz, heldu den urtekoa izango da ehungarrena. Lance Armstrongen dopin auziaren ika-mikak Tourra aurrez aurre jo du, eta antolakuntzak mendeurreneko ekitaldi ikusgarrian du jarria itxaropena irudia garbitu ahal izateko.
Hainbat hedabidek balizko ibilbide bat filtratu zuten atzo euren webguneetan. Antolatzaileek, halere, ofizialki, lehen hiru etapen berri eman dute bakarrik. Itzulia, historian aurrenekoz, Korsikan hasiko da, eta lehen hiru etapak irlan jokatuko dira. Aurrenekoa 200 kilometroko etapa laua izango da. Lehen erlojupekoa laugarren etapan izango da, Nizan. 24 kilometroko ibilbidearekin, taldeka jokatuko da.
Hortik aurrerakoak filtrazioak dira. Nizatik mendebaldera joko du ibilbideak, eta Marseilla eta Montpellierren ondoren, Pirinioetan sartuko da. Han, Ax-3 Domaines eta Bagneres de Bigorre mendateak igoko dituzte. Bigarren etapa horretan Tourmalet eta Aspin pasatuko dituzte. Handik leku aldatzea egingo dute Bretainiara eta Normandiara. Mont Saint Michel inguruan erlojupeko bat jokatuko da.
Tourrak hegoaldera egingo du azken astean, Alpeetarako bidean. Uztailaren 14an Mont Ventoux igoko da, eta ondoren, bigarren atseden eguna izango dute txirrindulariek. Alpeetan erlojupeko bat jokatuko da lehenbizi, Embrunen, eta uztailaren 18an iritsiko da etapa nagusia, bi aldiz igoko baitute Alpe d'Huez. Bi igoeretako bat konponduriko mendi bide batetik izango da. Alpeetan beste bi etapa jokatuko dira —Grand Bornanden eta Annecyko lakuan bukatuko dira— Parisera joan aurretik. Azken etapa larunbat gauez jokatuko da.
Mendeurreneko Tourra gaur aurkeztuko dute
Korsikan hasiko dela jakina da, eta filtrazioen arabera, azken urteetako ibilbiderik menditsuena izango du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu