Ezkutuan zebilen Pauline Ferrand-Prevot (Rabo Liv) aurtengo Italiako Giroan, baina agertu behar zuenean agertu da, mendiko lehen etapa serioan. Aprican amaitu da bosgarren etapa, eta hiru kilometro falta zirela jo du erasoa frantziarrak, Francesca Cauzekin (Ale Cipollini) batera. Baina italiarra ez da gai izan Ferrand-Prevoten erritmo aldaketari eusteko. Aurretik, erritmo bizi-bizian ibili da tropela, eta ihesaldi saiakera asko izan da, Tatiana Riabtxenkorena (Inpa Sottoli) serioena. Ukrainarrak ia minutu bateko aldea ere izan du Aprican gora, baina sei kilometro falta zirela harrapatu du tropelak.
Talde nagusiko esprinta irabazita, liderraren maillotari eutsi dion Megan Guarnierrek (Boels Dolmans). Tresivio eta Morbegno artean, seigarren etapa jokatuko da bihar, 102,5 kilometrokoa. Teglio eta Civo bigarren mailako mendateak eta Sondrio lehen mailakoa igo beharko dituzte.