Martxoa eta urria bitarteko igandeetan, zikloturista mordoa asteko osteratxoa egitera irteten denean, egun horretako bidean zer koska dauden da lehen hizketa gaia. Zenbait berotuta iristen dira dagoeneko hasiera gunera, kilometro erdia izanda ere aldaparen bat egoten delako sarri. Mendiak, Euskal Herriko ikur, aldapak, paisaiako ezinbesteko osagai. Aldapak daude nonahi Euskal Herrian, baita Nafarroako Bardeetan ere, Euskal Herriko leku lauenean. Horregatik, pentsaezina da aldaparik gabeko Euskal Herriko Itzulia.
Ehunka mendate daude Euskal Herrian eta probaren antolatzaileek 31 aukeratu dituzte. Azken itzulietako ibilbideari errepasoa egin ezkero, aurtengoa da gogorrenetakoa, sei etapetatik hiru gaizto-gaiztoak direlako, beste bat gainean bukatzen dena eta Gasteizkoa, tropeleko oilarrak lasaitasunez jarduteko aukera eman dezakeen bakarra. Teorian, jakina.Lehen bi etapak dira gaiztoenak. Bietan zailena zein den ezin zehaztu. Lehenengoak lehenengoa izatearen zalantza du. Txirrindulariak nola ekiten dioten martxari, lasterketa urduria den, Flandesko Tourretik gauean iritsiko direnak atseden nahiko hartu duten, talderen bat egurrean aritzeko prest egongo denÉ non eman, badago, noski. 130 kilometro bakarrik ditu lehen saioak eta Irunen hasi eta bukatuko da. Bi kilometro segidan ez, aldaparen bat igo gabe. Horixe etapako laburpena. Gurutze, Astigarragako Benta, Xoxoka Urnietan, Astigarraga eta Gurutze berrizÉAzken 35 kilometroetan dago, dena den, ikusleen pagotxa. Bizikleta gainekoen gurutze bidea. Irundik gora Erlaitz gaina, Euskal Herriko aldapa itoenetakoa. Laburra da tarte gogorrena, bai, hiru kilometro pasatxo, baina tente-tentea. %9,6, %11,2 eta %11,2koa da batez besteko pendiza han, eta bihurgune itxiak eman eta beldurra eragiten duten aldapak begi-bistan. Malda handiena %15koa da. Mendateko azken lau kilometroak etzan-etzanak dira. Oiartzunera daraman errepidean behera zuloa egin dezake ausardia daukan txirrindulariak, segundo batzuko errentarekin iritsi Jaizkibel mendateko hasierara. Urteen joan-etorriarekin izena galdu du Jaizkibelek. Dagoeneko ez du tropela hausten, orain bi hamarkada bezala, baina Erlaitzen hasitako triskantza areagotu daiteke han. Gainetik 12 kilometro bakarrik daude helmugara.Gipuzkoako bigarren etapa ere zitalkeria galanta da. Badute meritua antolatzaileek, hain tarte txikian hainbeste aldapa bilatuta. 50 kilometrotan 10 mendate igo beharko ditu tropelak, azken zazpiak Goierri eskualdean. Segadak egiteko apropos-aproposa da. Honatx mendate horien guztien zerrenda: Gurutze, Leaburu, Altzo, Abaltzisketa, Altamira, Olaberria, Lierni (bitan), Aztiri, Gabiria eta Minas gaina, helmugatik zazpi kilometrora. Leaburu, Altamira, Olaberria eta Aztiria dira gogorrenak. Eguraldi onarekin, aldapan gora bakarrik dago arriskua. Errepidea bustia badago, kontuz.
Nafarroa hegoaldean ere aldapak
Handia, zabala da Nafarroa. Han daude Euskal Herriko mendi garaienak, baina baita eremu lau eta idorrenak ere. Lerin Lizarratik hegoaldera dago, han ez dago mendi askorik, baina han ere, etapa bukaera aldapan. Non? Herrian bertan. Muino batean kiribilduta dagoen herria da Lerin. Herriaren beheko aldetik gorago igo ezin den lekura iritsi arte 700 metro inguruko aldapa dago, etxe tartean, zuzenik gabe ia. Aurretik Otzaurte eta Urbasa mendateak igoko dira.
Lerindik abiatu eta Gasteizen bukatuko dena da itzuliko etapa lasaiena. Klasikoa dagoeneko, bukaera behintzat. Herrera gaina igoko da bide erdian Arabako Errioxatik, alde gogorrenetik, baina gainetik Gasteizko helmugara 85 kilometro daude eta ibilbide zailik ez. Ondo bidean esprintean bukatuko da etapa hori. Azken urteetan tankera horretakoa izan da bukaera, behintzat.Itzulia Bizkaian bukatuko da eta ezusteko handirik ezean, garailea ere Bizkaian erabakiko da. Itxuraz larunbateko erlojupekoan gertatuko da hori. Ostiraleko etapak Enkarterri zeharkatuko du iparraldetik mendebaldera eta mendebaldetik ekialdera, Urduña aldapa gaiztoa igo ondoren. Bosgarren etapa, indarrak ere justu antzean, San Kosme, Humaran, Bezi eta Avellaneda gainek borrokarako aukera zabaltzen dute parez pare. Hirugarren mailakoak dira denak eta Zallan bukatuko da etapa.Nahikoak izango al dira 800 kilometro, 31 mendate eta beste hainbeste aldapa, itzuliko garailea erabakitzeko? Litekeena da hala ez gertatzea. Antolatzaileek ere badakite hori eta horregatik prestatu dute erlojupeko luzea azken egunean, 24 kilometrokoa hain zuzen ere. Gaur egungo txirrindularitzan askoz erabakigarriagoak dira erlojupekoak, bakarkako lana, mendateak baino. Mendian errenta irabaztea zail-zaila da, eta irabazten dena, sarri huskeria izan ohi da ondoren erlojupekoetan galdu daitekeena aintzat hartuta. Gainera, Euskal Herriko mendateak ez dira alde handi-handiak irekitzeko modukoak, eta mendian gora erabakiko ez dena erlojupekoak erabaki dezake.Asteburuan jokatu zen Nazioarteko Kriteriumekoa adibide aproposa da. Proba hartan, bihurri-bihurria zen igande goizeko saioa. Euskal Herriko itzuliko bigarren etaparen parekoa. Ivan Bassok irabazi zuen etapa, baina onenen arteko aldeak segundo bakan batzutakoak izan ziren. Parekotasuna handia da tropelean, eta ez harritu Euskal Herriko Itzuliko etapa gogorrenetan antzera gertatzen bada.
Erlojupekoa, dena den, ez da laua, ezta gutxiago ere. Hiru aldapa baditu behintzat: Avellaneda, Bezi eta La Herrera. Kilometro pasatxokoak denak, baina espezialista petoen ahalegina, erritmoa hausteko nahikoak. Aldapan gora erabat husteko arriskua ere aintzat hartzeko modukoa da, 24 kilometro 35 minutuko lan gogorra izango baita.
TXIRRINDULARITZA. EUSKAL HERRIKO ITZULIA
Mendien demokrazian, orratzen diktadura
Lehen aldiz sei egunekoa izango da itzulia;31 mendate daude, baina 24 kilometroko erlojupekoak erabakiko du garailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu