FUTBOLA

Mendilibar: "Aukera ederra da niretzat"

Eibarrek gaur eguerdian aurkeztu du Zaldibarko entrenatzailea. Bigarren aroa du taldean, 2004-05 sasoian ere eibartarrak zuzendu baitzituen. 

Alex Aranzabal eta Jose Luis Mendilibar. ARGAZKI PRESS
2015eko uztailaren 1a
13:26
Entzun

Jose Luis Mendilibar pozik azaldu da Eibarrekin fitxatzeagatik. "Eibarri baietz esan diot gauzak ondo egiten dituelako, profesionala naizelako eta aukera ederra delako niretzat". Taldea Lehen Mailan edo Bigarren Mailan aritu, argi ditu gauzak. "Denboraldi baterako kontratua sinatu dut, eta Eibarreko entrenatzaile izango naiz Bigarren Mailan aritu behar badugu ere". Oso argi du ere helburua: "mailari eutsi nahi diogu". 

Eibarreko teknikari berriak "talde lehiakorra" osatu nahi du, zaleei "ilusioa" eragiteko modukoa. "Saiatuko naiz taldeari nire jokatzeko era ezartzen, baina ezin bada, nik moldatu beharko dut nire jokatzeko era". Horretarako, 11 jokalari besterik ez ditu egun bere aginduetara. Horrek ez dio kezkatzen, badaki aurki iritsiko direla gehiago. "Kontratua duten jokalariak onak dira, eta datozenek hauei lekua kentzeko egin beharko dute lan lehen egunetik". Horren harira, Fran Garagarza kirol zuzendariak jakinarazi du fitxaketa batzuk "landuta" dauzkatela, eta "leku onean" daudela euren merkatuan.

Alex Aranzabal Eibarreko presidenteak, berriz, azpimarratu du oso argi izan dutela nork ordezkatu behar zuen Gaizka Garitano. "Izan dezakegun entrenatzaile onena da. Etxekoa delako, Lehen Mailan esperientzia duelako eta bere izaeragatik aukeratu dugu Mendilibar".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.