Osasunak Jose Antonio Camacho lehen taldeko entrenatzailea bota du gaur, eta entrenatzaile berria Jose Luis Mendilibar bizkaitarra izango dela jakirarazi du. Denboraldi honetan eta hurrengoan zuzenduko du Mendilibarrek Osasuna, 2012ko ekainaren 30a arte sinatuko baitu kontratua. Patxi Izko presidenteak eman du Camacho botatzeko erabakiaren berri. 2008ko urrian hartu zuen kargua Camachok, baina bi urte hauetan ez da zale guztien gustuko entrenatzailea izan, eta atzo Realaren aurka Anoetan 1-0 galdu eta jaisteko postuetan sartu ostean, entrenatzailea bidaltzeko erabakia hartu zuen Osasunak atzo. Jose Luis Mendilibar izango da hurrengo entrenatzailea, klubak jakinarazi duenez.
Camacho: "Aro honek merezi izan du"
"Triste" utzi du taldea Camachok, berak gaur esan duenez. "Eskerrak eman besterik ez dut, eta zoriontsu izan daitezela esatea. Oso gustura egon naiz Iruñean. Aro honek merezi izan du". Uste zuen aurten ere salbazioaren helburua beteko zutela. "Aurreko bi urteetan bete genuen, eta aurten ez ginen gutxiago izango".
Izkok ""Emaitza eta irudi txarrengatik" kendu du kargutik
"Emaitza eta irudi txarrengatik" kendu dute Camacho entrenatzaile postutik, Izkoren arabera. "Hauxe zen aldaketa egiteko unea. Erabaki gogorra izan da, baina futbolean emaitzek agintzen dute", esan du Osasunako presidenteak gaur, harekin bildu ostean. Ez du argitu zein izango den hurrengo entrenatzailea. "Espero dugu talde hau beste era batera ulertzea hark".
Jarraitzaileek Camachori egindako kritikek zuzendaritzaren erabakian eraginik ez dutela izan adierazi du Izkok. "Hemen denok dugu erantzukizuna: entrenatzaileak, jokalariek eta zuzendaritzako kideok".
Azkeneko 11 jardunaldietan garaipen bat
Denboraldi osoan bi partida jarraian irabazi ezinda joan da Camacho. Anoetako derbiaren aurretik inor gutxik espero zituen lau puntu eskuratu zituen Osasunak, Real Madrili etxean irabazita eta Mallorcan berdinduta, baina Real Madrilen aurkako garaipen hori da azken 11 jardunaldietan lortu duen bakarra. Etxetik kanpo, gainera, urtebete baino gehiago darama Osasunak irabazi gabe. 2008-2009ko denboraldiko seigarren jardunaldian hartu zuen entrenatzaile kargua Camachok, Osasunak Jose Angel Ziganda bota ondoren.
Atzo Tamudoren golak eman zion garaipena Realari. Osasunak 0-0ekoarekin nahikoa zuela zirudien, baina aurrelari txuri-urdinak aukera paregabea baliatu zuen, eta Reala, 31 punturekin, sailkapenaren erdialdean sailkatu zuen, 9. postuan.
Athleticek 38 puntu ditu, eta gaur gauean Mallorcari irabaztean badio (21:00), Txapeldunen Ligarako postuetatik lau puntura geratuko da, bosgarren postuan.
FUTBOLA
Mendilibar Osasunako entrenatzaile
Camacho bota egin dute, atzo Realaren aurka 1-0 galdu eta jaitsierako postuetan sartu ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu