Azken asteetan bolo-bolo zebilen berria baieztatu du gaur Eibarrek: Jose Luis Mendilibarrek taldea entrenatzen jarraituko du. 57 urteko Zaldibarko entrenatzaileak beste urtebeterako berritu du. Beste horrenbeste egin dute haren lan taldeko kideek: Iñaki Bea bigarren entrenatzaileak, Toni Ruiz prestatzaile fisikoak, Josu Anuzita atezainen entrenatzaileak eta Andoni Azkargorta laguntzaileak.
Mendilibarrek hiru sasoi daramatza jarraian Eibar entrenatzen, eta haren aginduetara, taldea erabat sendotu da Espainiako Lehen Mailan. Aurretik beste urtetebez zuzendu zuen taldea, 2004-05ko sasoian. Denboraldi ikusgarria egin zuen Eibarrek, oso gertu izan baitzuen Lehen Mailara igotzea. Lan bikain horrek Athleticen atea ireki zion Mendilibarri. Gutxi iraun zuen bertan, hala ere. Ondoren lau urtez aritu zen Valladoliden, bi urtez Osasunan, eta bi hilabete eskas Levanten.