Jose Luis Mendilibar Osasunako entrenatzaileak denboraldiaren inguruko iritzia eman zuen atzo, eta gustura agertu zen. «Egindakoarekin konforme gaude; puntu asko lortu ditugu eta irabazitako partidak galdutakoak baino gehiago izan dira». Zazpigarren postuan amaitu du Liga Iruñeko taldeak, eta Europako Ligarako sailkatu ez arren, taldeari ezin zaiola gehiago eskatu azpimarratu du bizkaitarrak. «Ez dit amorrurik eman Europarako sailkatu ez izanak. Denboraldi oso ona egin dugu, eta taldeari ezin zaio gehiago eskatu».
Datorren sasoiari buruz ere aritu zen hizketan. Ez du taldean aldaketa askorik izatea nahi. «Esperientzia txarra izan dut aldaketa asko eginda. Talde apaletan ezin dira aldaketa asko egin». Dagoeneko sendotu den oinarria lantzen jarraitzeko asmoa agertu du Mendilibarrek. «Oinarri bat daukagu eta zazpigarren amaitu dugu liga. Horrenbestez, baditugu gauza onak, eta aprobetxatu egin behar ditugu». Oinarri hori indartzeko asmoz, Sisinio Gonzalez Sisi Valladolidekoa eta Fernando Macedo Nano Numantziakoa fitxatu ditu talde gorritxoak.
Mendilibarrek taldearen indarra nabarmendu du
Osasunako entrenatzailea oso gustura dago taldeak egin duen denboraldiarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu