Nerea Amilibia, korrikalaria

"Mendira jo zalea nai ni; motor diesela gehiago naiz gasolina baino"

2007ko urriaren 20a
14:07
Entzun
Unai Zubeldia

Mendia eta korrika. Bi hitz horiek aipatzen ditu une oro aiarrak, mendian korrika eginez lortzen baitu barrua askatzea; balentria handia egin berri du Angliru mendian gora.

Inguruko mendi gehienak ezagutzen ditu Nerea Amilibiak (Aia, Gipuzkoa, 1971). Baserri giroan hazitakoa da, eta umetatik datorkio korrikarako afizioa. Afiziotik ofiziora, mendiko lasterketekin ikasi du sufrituz gozatzen; besteak beste, Alicia Romero, Alizia Olazabal eta Oihana Azkorbebeitiaren ondoan. Angliruko igoera gogorra irabazi zuen joan den asteburuan, Asturiasen, eta balentria egin berritan hitz egin du BERRIArekin.

Zorionak lehendabizi. Oihartzun handi samarra izan du Angliruko garaipenak.

Eskerrik asko, bai. Esperientzia gogorra izan da, baina oso polita. Bi lagunekin joan nintzen, beste mendi bat ezagutzeko intentzioarekin. Azken kilometroetan, oihu artean, jendeak esaten zidan lehenengo nindoala, baina ez nuen sinesten. Irteeran Madrilgo bat oso azkar atera zen, eta ez dakit non pasa nuen. Izugarrizko poza sentitu nuen hori entzunda, eta egoera horretan ez zegoen atzera egiterik.

Inguruko mendi gehienak ezagutzen dituzu, baina nolatan sortu zen Anglirura joateko egitasmoa?

Zarauzko taldetxo batekin egiten ditut entrenamenduak, eta haiek orain dela urtebete zeuden izena emanda. Esan zidatenean pentsatu nuen: 'ni ere igual joango naiz'. Esaten zidaten gogorra zela, baina 'zuek egin behar baduzue, nik ere bai', erantzuten nien. Gero iritsi ziren komeriak maldak ikusita! Toki zoragarria da hura, baina gogorra.

12,5 kilometroko igoera, eta %23,5eko batez besteko pendizak tartean. Zergatik eta nola egiten zaio aurre horri?

Ez dakit. Jendea geroz eta gauza zailagoen bila ari da eta... Ni lasai joan nintzen, bukatzera, disfrutatzera. Ia 500 lagun atera ginen, tartean 19 emakume, eta ez nuen uste hain maila ona emango nuenik. Hemen inguruko proba gehienak bukatu dira, eta krosean ariko naiz orain, udaberrirako erresistentzia irabazteko. Hala ere, mendira jo zalea naiz ni, motor diesela gehiago naiz gasolina baino. Egin ditut Donostiako bost maratoi, baina gehiago sufritzen dut.

Nola bizi izan zenuen igoera? Amaiera oso gogorra izan zela aitortu zenuen.

Beldurra neukan, gorputza nola kontrolatu ez nekielako. Inoiz ez dut egin hasi eta bukatu behetik gora. Lehenengo sei kilometroetan beti igotzen-igotzen joan ginen, baina eramangarria zen. Zazpigarrenetik gora, ordea, hor hasi zen errepidea, batera eta bestera, malda izugarriekin. Suabe-suabe goraino korrika igotzea zen erronka. Baina ezin! Lau pauso besterik ez baziren ere, geratu beharra zegoen, arnasa hartzeko.

Horrelako probetan gorputzak astindu handia hartuko duela pentsatzen dut. Ondorenean zer lan egin behar izaten da?

Egia da mendian ibiltzen ohituta gaudela, baina orpazurdarekin larri ibiltzen naiz, eta hortik sufritu nuen Anglirun ere. Masajista batengana joaten naiz, eta sendatzeko zer egin behar dudan galdetuta, 'urtebete geldirik egon' erantzuten dit. Baina orain nabilen mailan ez nuke halakorik nahi. Bestela ere sobera etorriko da utzi beharra. Eta zer lan egin behar den? 6. kilometroan utzi genuen autoa, mantso-mantso jaisteko. Bestela, amaituta, ez hankak luzatu eta ez errekuperatu, hurrengo egunean gogor-gogor eginda egoten naiz. Astelehenean 40 bat minutu korrika, asteartean serieak, asteazkenean spinning ordubete eta beste hainbeste korrika...

Atzera begiratua eginda, Nerea Amilibia noiz hasi zen kros munduan eta mendi lasterketetan buru-belarri?

Betidanik gustatu izan zait korrika egitea. Lehiaketetan ez daramat denbora asko, seme-alabak baitauzkat, eta zaharrenarekin kilo mordo bat irabazi bainuen. Baina, berriz ere, itzuli beharra sentitu nuen. Gimnasioan hasten nintzen, baina korrika bukatzen nuen. Nire zaletasuna hori da.

Ahal dela errepidea baztertuta, ordea.

Bai, kros motzen bat edo beste bai, 10-15 kilometrokoa, baina lehengoan, adibidez, Zumaian 20 kilometrokoa egin nuen, eta ez nintzen gustura geratu.

Mendian aurten ere proba gogorrak egin dituzu; Izaban Camille Xtrem, adibidez.

Bai, baina hori ere oso gogorra da.

'Gogorrak, gogorrak' esan eta esan ari zara, baina tartean beti...

Gogorra, gogorra, baina uzteko asmorik ez [barrez]. Ez dakit non, baina loturaren bat badago jarraitzeko. Beti esaten dut lesioren batek eraginda-edo utzi beharra baldin badaukat asko sufrituko dudala.

Urtarrilean hasi eta abenduaren 31n San Silbestre lasterketa iritsi arte, nola eta nork antolatzen dizu egutegia?

Zarauzko koadrilak gidatzen nau. Garai batean neure kabuz ibiltzen nintzen, ordubetean ibili eta etxera. Pare bat urtean Behobia-Donostia ere egin nuen, baina ikusten nuen beti denbora berbera egiten nuela, jaisteko gaitasunik ez neukala. Zarauzko Atletismo Klubean sartu nintzen, eta pixkanaka probak sartuz joan nintzen. Mendiko proba gehienak egin ditut, eta aurten, neraman martxarekin, hautsiko nintzela pentsatzen nuen, baina hor segitzen dugu.

Proba gehienetan aritu zara, baina Zegama-Aizkorri maratoian ez.

Orain hiru urte, nire erruz agian, Aizkorrin lehenengo euskalduna izan nintzen, baina, federatuta ez nengoenez, ez zidaten podiumera igotzen utzi. Hor kendu zidaten Aizkorrin aritzeko ilusioa. Nire errua izango zen, agian, baina esateko erak eta erak daude. Izugarri gustatzen zait proba hori, gainera, eta oso ondo ibiltzen nintzen, baina minduta nago. Mina pasatzean, akaso, egingo dut berriz, baina...

Mina Aizkorrin, eta mina Beran...

Euskadiko txapel hori nahi nuen ba! Horren bila joan nintzen, baina hagin bat infekzioarekin neukan, eta ezin izan nuen. Azken lau kilometroetan ez nekien non nengoen ere, ez dakit nola bukatu nuen ere! Hurrengo urteren baterako utzi beharko dugu txapel hori!

Oraindik egurrean jarraitzeko asmotan, beraz. Baina noiz arte iraun dezake gorputzak martxa horretan?

Gu onenak ematen ari gara dagoeneko! Urte batzuetan sasoia mantentzen badugu pozik izango naiz. Baina entrenatzeko ilusioa galtzen denean hasi beharko dugu beste kontu batzuetan pentsatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.