Txirrindularitza

Mentxovek eta Vandeveldek denbora galdu dute

Aurrena 34 segundora sartu da sailkapen nagusiko aurrenekiko eta bigarrena 2.36ra, eta bosgarren eta seigarren daude orain. Desselek irabazi du Alpeetako etapa; Casar, Arroyo eta Popovitx iheskideei nagusitu zaie esprintean.

2008ko uztailaren 22a
17:44
Entzun
Cyril Desselek irabazi du gaur arratsaldean Frantziako Tourreko hamaseigarren etapa: Cuneo-Jausiers (157 kilometro). Maila bereziko bi mendate izan dituzte, Lombarda (Italian) eta La Bonette. Ihes egindako lau ziklista bakarrik heldu dira helmugara, eta esprintean nagusitu da Dessel, Sandy Casar, David Arroyo eta Jaroslav Popovitxen aurretik.

Dena dela, Denis Mentxovek eta Christian Valdeveldek sailkapen nagusian aurrenekiko galdutako denbora izan da azpimarragarriena: 34 segundora sartu da Mentxov eta 2.36ra Valdevelde. Orain Mentxov bosgarren postuan da, Franck Schleck liderrarengandik 1.13ra, eta Vandevelde seigarren, 3.15era.

Euskaltel-Euskadiko Amets Txurruka eta Haimar Zubeldia ihesean ibili dira, beste batzuekin, lasterketaren hasieran, baina gero atzeman egin dituzte. Mikel Astarloza ere ihesean ibili da tarte batez -28. sartu da, Desselengandik 4.13ra-.

Azken kilometro bizi eta ikusgarriak

Helmugarako 49 kilometro geratzen zirela Stefan Schumacherrek ihesaldia hasi du beste lau lagunekin, baina La Lombarda igotzen bakarrik geratu da aurrean.

La Bonetterako igoeran aurretik segitzen zuen Schumacherrek, eta mendi gainerako 9 kilometro geratzen zirelarik, 50 segundoko aldea ateratzen zion David Arroyo eta Jaroslav Popovitx buru zituen taldeari. Frank Schleck (lasterketako liderra) eta beste zortzi txirrindulari -Evans, Sastre, Andy Schleck, Valverde, Kirchen, Kohl, Mentxov eta Samuel Sanchez- zihoazen multzoari, aldiz, lau minutu eta 40 segundo ateratzen zizkien. Hauek, ordea, Schumacherren aldea gutxitzen joan dira pixkanaka; gainerako 4 kilometroren faltan 19 segundokoa zen Arroyo eta Popovitxen multzoarekiko aldea. Hala, 3,5 kilometro geratzen zirela harrapatu dute alemaniarra.

Alabaina, gainetik 250 metrora John Lee Augustynek ihes egin du, atzean lau ziklista utzita: Cyril Dessel, Sandy Casar, Jaroslav Popovitx eta David Arroyo. Gaina lehen postuan igaro du hegoafrikarrak, atzeko laurei 12 segundoko aldearekin. Gutxi iraun dio, ordea, aurrean joateak. Izan ere, portua jaisterakoan bihurgune batean errepidetik atera eta ia-ia amildu egin da. Metro batzuk txirristaka ibili da maldan beheiti, eta bizikleta are beherago erori da; ikusle batek lagunduta errepidera itzultzea lortu du Augustynek. Bere taldeko auto batean eraman diote beste bizikleta bat, eta lasterketan –atzeratua- jarraitzerik izan du. Azkenean, etapa irabazlearengandik 5.27ra sartu da helmugara, 35. lekuan.

Helmugarako azken kilometroak aldapan behera eta bihurgunez beterik izan dira, jaitsiera bizkor eta arriskutsuan.

Bihar korrituko dute hamazazpigarren etapa: Embrun-L’Alpe d’Huez (210 kilometro). Hirugarren mailako mendate bat eta maila bereziko hiru mendate izango dituzte.

Hilaren 27an bukatuko da itzulia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.