Txirrindularitza

Merckxen marka berdindu du Cavendishek

Esprinterrak 34. etapa garaipena lortu du Tourrean, eta hala, flandriarraren pare jarri da. Morkov taldekideari eta Philipseni gailendu zaie. Aranburu seigarren izan da, eta hautagaiak batera helmugaratu dira

enaut agirrebengoa
2021eko uztailaren 9a
18:52
Entzun

Askoren ustez, Eddy Merckx da sekula izan den txirrindularirik onena. Ez da baieztapen hutsala, flandriarraren garaipen zerrenda errepikaezinak mamitzen baitu. Irabaz daitekeen guztia irabazi zuen Merckxek, eta ez behin bakarrik. Tourrak, adibidez, bost ditu; eta lasterketa horretan irabazitako etapak, 34. Bada, Mark Cavendishek (Deceunink) berdindu egin du gaur marka historiko hori, proba frantziarraren 13. etapan. 2008an lortu zuen lehen garaipena Man uharteko txirrindulariak, eta hamahiru urte geroago heldu da handienaren parera, gainbehera betean zegoela zirudienean. 

Cavendishek 2016koa zuen azken garaipena Tourrean. Ezinezkoa zirudien piramidearen goiko erpinera itzultzea, baina aurten lau etapa irabazi ditu dagoeneko. Oraindik badu tartea bosgarrena lortu, eta marka berri bat ezartzeko. Gaur, Michael Morkov taldekidearen eta Jasper Philipsenen (Alpecin) aurretik sartu da Carcasonako helmugan, berriro azkarrenen arteko azkarrena dela erakutsita. Alex Aranburuk (Astana) ere lehiatu du esprinta, eta seigarren sailkatu da. Aldaketarik ez da izan sailkapen nagusiko lehen postuetan; Tadej Pogacarrek (UAE) maillot horiaren jabe izaten jarraitzen du. 

Iheslariek ez dute bezperako askatasunik izan. Pierre Roger Latourrek (TotalEnergies), Omer Goldsteinek (Israel) eta Sean Bennettek (Qhubeka) egin dute lehen ahalegina, baina tropela gainean izan dute uneoro. Elkar mokoka hasi dira, eta 53 kilometroren faltan harrapatu dituzte. Sastraka artera erori dira ziklista asko, jaitsiera batean, eta Bike Exchange taldea izan da kaltetuenetako bat: Lucas Hamilton eta Simon Yates gabe gelditu da. Geldialdiaren ostean, sua piztu du Quentin Pacherrek (B&B Hotels). Doi-doi gainditu du minutu bateko langa, eta helmugatik 20 kilometrora irentsi du multzo nagusiak. 

Deceuninck taldea nahiko ezkutuan izan da, harik eta azken bost kilometroetan agertu den arte. Esprinta ezin izan du beste egun batzuetan bezain erraz bideratu, eta Cavendish itxita gelditzeko zorian izan da. Haatik, Morkoven gurpilera itsastea lortu du azken metroetan, eta errematean ez du barkatu. 

Ineosek soka tenkatzeko asmoa erakutsi du etaparen azken zatian, baina faboritoak batera helmugaratu dira. Pirinioetara heldu aurretik, etapa hautsia eta bihurria jokatuko da bihar Carcasona eta Quillan artean. Oso litekeena da ihesean erabakitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.