Golak: 0-1: Higuainek (16. min.); 0-2: Ozilek (20. min.); 0-3: Ronaldok (50. min.). Epailea: Teixera Vitienes. Txartel horiak Athleticeko San Joseri eta Toquerori, eta Real Madrileko Ramosi, Ozili, Arbeloari eta Alonsori. Txartel gorria Athleticeko Javi Martinezi (71. min.). Bestelakoak: 38.000 ikusle San Mamesen.
Beti izaten dira bereziak Athleticen eta Real Madrilen arteko partidak. Are bereziagoak San Mamesen jokaturikoak. Eta inoiz ez dira gauzak normaltasunez joaten. Ezta atzo ere. Nahiko sua bazen aldez aurretik Espainiako Kopako finala Santiago Bernabeun jokatuko ez delako. Eta su artean zuri-gorriak izan ziren erre zirenak. Partidak lehenengo minututik izan zuen bizitasuna eta erritmoa, eta Real Madrilen kalitateak bi jokalditan erabaki zuen neurketa. Kalitateak, eta epailearen itsutasunak. Edo akaso, ikusi nahi ezak. Kontua da Bielsaren taldeak 0-2 galdu zuela. Zalantzarik gabe, merezi gabeko egurra jaso zuen Athleticek.
Ezohiko hamaikakoa zelairatu zuen entrenatzaile argentinarrak. Hark hainbati atsedena ematerako, pentsa ze garrantzitsua den datorren asteko Atletico Madrilen aurkako finala. Iraola eta Muniain ez ziren hasieratik aritu, eta nabaritu egin zen; atzeko lerroan, bereziki. Real Madrilen erasoko jokalariak nahi erara aritu ziren. Hastapeneko minutua izugarria izan zen. Aukerak bata bestearen atzetik izan zituen kanpoko taldeak, baina ez zuen asmatu. Ondoren ongi erantzun zuten etxekoek, baina Casillas estutasun larrian ipini gabe.
Ordu laurdena betetzerako iritsi ziren gaueko lehen txistu hotsak. Epaileak penaltia adierazi zuen Real Madrilen alde, eta Ronaldok huts egin zuen. Penaltia izan zen, bai, baina baita geroxeago Athletici egin ziotena ere. Ramosek argi eta garbi ukitu zuen baloia eskuarekin, baina ez zen deus gertatu. Epaileak erabaki hori hartu zuen. Nork jakin, akaso Mourinhoren bisitaren beldur izango zen. Tarte horretan Higuainek lehen gola egin zuen, ederra. Zorte pixka bat ere izan zuen, baina jaurtiketa aparta izan zen. Dena den, San Josek zelai erdian galdu zuen baloia barkaezina da. Halako akatsak larrutik ordaintzen dira talde haundien aurka.
Ez zuen gehiegi iraun Madrilgo taldeak bigarrena egiten. Lehena eginez gero bigarrena seguru izaten omen da, eta atzo behintzat, bai. Ozil izan zen arduraduna. Alonsok Ronaldori, hark Ozili eta alemaniarrak barrura, 20. minutuan. Hiru pase nahikoa izan zituzten gola egiteko. Kontraerasoan munduko talderik onena da Real Madril, eta atzo ongi erakutsi zuen zergatik. Atsedenaldira bitarte saiatu ziren etxekoak errenta murrizten, baina alferrik.
Bigarren zatian ere ezinean
Bigarren denborak lehenengoaren ildotik jarraitu zuen. Bielsak Iraola zelairatu zuen San Joseren ordez, baina horrek ez zuen ezer konpondu. Izan ere, 49. minuturako Ronaldok hirugarrena egin zuen, buruz. Hortxe amaitu ziren etxekoen itxaropenak. Saiatu ziren gerora ohorezko gola egiten, baina epaileak Javi Martinez kanporatu zuen 71. minutuan, eta ezina nagusitu zen. Isiltasuna omen da pentsamenduak adierazteko modurik egokiena, eta hobe izango da epaileari buruz ezer ez esatea. Lotsagarria bere lana.
Real Madrilek San Mamesen ospatu zuen liga irabazi izana, eta Athleticekoak begira egon ziren. Atzo ikusitakotik datorren asterako ikastea dute onena.
ATHLETIC 0. REAL MADRIL 3
Merezi gabeko egurra
Athletic ez da batere gaizki aritu, baina Real Madrilek ez du barkatu, eta San Mamesen ospatu du liga titulua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu