ERRUGBIA. MANUEL CARIZZA

«Merezimenduz nagoela hemen erakutsi nahi dut; gogotsu naiz»

MIARRITZE
2005eko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Carizza argentinarra da Miarritzek eginiko sei fitxaketetako bat. Lau urterekin hasi zen jokatzen Rosarioko Jockey taldean, eta han jardun du Miarritzera etorri aitzin. Sasoi-aitzineko bi partidak jokatu ditu, eta bigarren lerroan postu baten jabe egitea zaila izango zaion arren, lehia gogorrean aritzeko prest agertu da, presarik ez badu ere.

Miarritze nolakoa den ongi ikasita etorriko zinen.

Egia esateko, zortea izan dut hona etortzearekin. Denek ongi hitz egin zidaten Euskal Herriko jendeaz eta lekuaz; hori ederki egiaztatu dut, gainera. Nolanahi ere, klubeko pertsona guztiak nabarmentzekoak direla esan zidaten eta lan-talde aipagarria dela.

Gutxienez, bi herrikide aurkitu dituzu: Gaitan eta Martin-Aranburu.

Gaitan hona etorrita ezagutu dut, baina Martin-Aranbururekin hartu-emanak ukan nituen internetez, eta berak ia dena agertu zidan hona etorri aitzin.

Bigarren ala hirugarren lerroan aritzea duzu gustukoen?

Bigarren lerroan. Hirugarrenean jokatzea ere gogoko dut eta asko gozatzen dut, baina bigarren lerroa da nire postua.

Agenen aurka bigarren zatian zelairatu zinen, eta bizi-bizi jardun zenuen. Hasieratik erakutsi nahiko duzu nolako jokalaria zaren.

Bai, jakina. Korri egin eta jokatzeko gogoz zelairatu nintzen. Hogei minutu geratzen ziren eta zergatik ekarri nauten erakutsi behar nion zaleari. Gainera, hirugarren lerroan jardun nuen, eta ni ez nago ohituta.

Nola ikusten duzu Miarritze?

Oso talde serioa da. Helburu zailak jartzen dizkio bere buruari, eta aitzin-sasoia eginda, egokitze aldian dago.

Thion, Olibeau, Couzinet eta Booyse dituzu aurkari, bigarren lerroan postu baten jabe egiteko; zer diozu?

Jokatzeko aukera ikusten dut, eta entrenatzaileek jakingo dute noiz eman aukera hori. Oraingoz gogotsu ari naiz entrenatzen, eta zirrikitu batetik sartzeko aukera ukaiten dudanean, erakutsiko dut hona ez naizela kontratu bati erantzuteko etorri soilik, baita jokatzea gustatzen zaidalako, gogor entrenatzen dudalako eta merezimenduz nagoelako hemen ere. Dena den, ez dut presarik.

Zertan nabaritu duzu alderik handiena Rosarioko taldearen eta Miarritzeren artean?

Batez ere, erritmoan. Hemen asko saiatzen dira hegalak bilatzen, defentsa mugitu eta irekiarazten, eta behin hori lortuta, erasotzen. Argentinan askoz itxiagoa da dena, tarte gehiago izaten da eta baloia asko kontrolatzen da. Jakina, horrek baloi-galtze gehiago eragiten du, baina baita joko azkarragoa ere. Horrelako zerbait gertatu izan zait Frantziaren aurka aritu naizenean Argentinarekin, Gazte eta A Mailan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.