Ez tentsiorik, ez grinarik, ez jokorik eta ez ezer. Realak oso partida txikia egin du Bartzelonan, eta astindu handia jaso du azkenerako. Markelen jaurtiketa bat eta Seferovicek langara bidalitako baloi bat. Realak horixe egin du lehen bi minutuetan, baina desagertu egin da gero. Neymarrek sartu du lehen gola, 5. minutuan, Messik 2-0ekoa, 8.ean eta Busquetsek 3-0ekoa. Emaitza horrekin amaitu da lehen zatia, baina gol gehiago ere sartu ahal izan ditu etxeko taldeak lehen 45 minutu horietan. Neymarrek eta Alexis Sanchezek eduki dituzte aukerarik onenak.
Griezmannek area ertzetik egindako jaurtiketa batekin amaitu da lehen zatia, baina Messik esku-eskura eduki du 4-0ekoa bigarren zatia hasi eta berehala. Hiru aukera on eduki ditu Messik aldageletatik bueltan, eta Neymarrek eta Alexisek ere Bravoren atea zulatzeko aukera onak eduki dituzte jarraian. De la Bellak sartu du txuri-urdinen gol bakarra, 64. minutuan, Agirretxeren pase ona jasota. Baina, Messiren jokaldi onaren ondoren, Bartrak lortu du 4-1ekoa, eta gehiago ere sartu ahal izan dituzte etxekoek. Alexisek zutoinera bidalitako burukadarekin amaitu da partida. Lehen sei jardunaldietan sei puntu besterik ez ditu lortu Realak. Sevillaren aurka jokatuko du larunbatean, Anoetan, 20:00etan.