Oso partida apala jokatuta, Osasunak 4-0 galdu du Real Madrilen zelaian, eta jaitsieraren mamua urrundu ezinik jarraitzen du. Hasi eta bukatu, aurkariari min egin ziezaiokeela sinetsi gabe aritu dira nafarrak, eta madrildarrek ia oharkabean lortu dute garaipena. Cristiano Ronaldoren bi golekin eta Sergio Ramos eta Carvajalen banarekin, liga irabazteko lehian jarraituko du Real Madrilek. Osasunak, berriz, hil ala biziko partidak izango ditu azken hiru jardunaldietan.
Hastearekin batera jarri da aurretik etxeko taldea, Cristiano Ronaldok 6. minutuan sartu baitu bere lehen gola. Cejudo eta Armenteros saiatu dira Diego Lopez estu hartzen, baina Carlo Ancelottiren taldeak nahi izan duen guztia egin du lehen zati horretan. Cristiano Ronaldo, Marcelo, Modric, Nacho... Etengabeko eraso festan murgildu da Real Madril, eta emaitza izan da lehen zatiko gauzarik onena (1-0). Atsedenalditik bueltan Osasunak erreakzio txiki bat izango zuen itxaropena bazegoen, baina, lehen zatian gertatu bezala, bigarrena hastearekin batera sartu du Cristiano Ronaldok 2-0ekoa, 51. minutuan. Kito. Lehen amaituta ez bazegoen, hortxe amaitu da partida. Sergio Ramosek (60. min.) eta Carvajalek (84. min.) sartu dituzte etxekoen azken bi golak. 4-0, eta jaitsieraren mamua hiru puntura.