Argentinak bete-betean osatu ditu lanak aurreneko fase honetan. Hiru jokatu eta hiru irabazi. Emaitzaren ikuspegitik, aitzakirik ez. Aurrenekoa izan da F multzoan. Baina erabateko konfiantza izan behar lukeenak taldearen inguruan bigarren fasera begira, konfiantza eza da. Motiboa, hauxe: jokoan gauza handirik erakutsi gabe irabazi ditu hiru partidak, eta hiruretan, Messik konpondu behar izan ditu arazoak, nahiz eta sasoirik onenean ez egon.
Nigeria horrela menderatu du gaur Argentinak. Messik bi gol sartu ditu: bat aldaratze batean, bestea falta batean. Bera ere ez dago ondo-ondo, baina erabakitzen ari da, golak sartzen. Oraingoz, nahikoa du horrekin selekzioak. Hemendik aurrera gehiago beharko ote duen... Jokoaren sormenean gaur hobekuntza txiki bat izan du; batez ere, Di Mariak asko lagundu duelako zeregin horretan, zelaiaren erdira jaitsiz, baloia eskatuz, ondo mugituz eta Nigeriaren defentsako lerroak gaindituz. Bere ekarpena, Messirena golak sartzen bezala, erabakigarria da Argentinan.
Jokoa sortzen arazoak, eta erasotik defentsarako trantsizioan ere bai. Messi, Aguero eta Higuain ez daude lan horretarako, eta Di Maria gandituta harrapatzen badu aurkariaren erasoaren hasierak, sei jokalari baino ez ditu izaten defentsako lanean Argentinak. Nigeriaren aurka nahikoa dira, baina aurkari sendo batek harrapatzen baditu, kontuz!
Eroa izan da partida. Hasi orduko, 1-1 jarri dira. Messiren golari Musak erantzun dio kontraeraso batean. Lehen zatia amaitzear zela, Messiren falta jaurtiketa zoragarria eta 1-2koa. Bigarren zatiaren hasiera aurrenekoaren pare-parekoa: bi gol, baina oraingoan Nigeriak lehendabizi; Musak sartu du 2-2koa. Rojo atzelariak, korner batean, belaunarekin eta nahigabe egin du 2-3koa.
Joan eta etorrikoa izan da partida bukatu bitartean. Gora eta behera. Aukerak bai, baina golik ez. Eta gogoetarako beste ondorio hau ere utzi du Argentinak: Aguero (min hartuta aldatu dute, 38. minutuan) eta Messi zelaian egon ez direnean, defentsako lanean jokalari denak aritu dira, talde bezala. Lavezzik eta Ricky Alvarezek egin dute lan hori. Horrek nolabaiteko sendotasuna eman dio taldeari. Benetakoa izan den edo marrazki hutsa geroak esango du. Kontua da atzealdeko lerroak eskertu egingo lukeela beste taldekide guztien babesa. Sabellak du hitza eta erabakia.