«Oso triste nago klub honetatik alde egin behar dudalako. Iaz, alde egin nahi nuen; aurten ez, eta alde egin beharra daukat», nabarmendu du Leo Messik, gaur, Camp Noun egindako agurreko agerraldian. Bartzelonan ez jarraitzeko motiboei buruz galdetuta, argentinarrak berretsi du Joan Laporta presidenteak joan den ostegunean adierazitakoa; hau da, bi direla ez jarraitzeko arrazoiak: LFP Liga Futbol Profesionalak ezarritako finantza baldintzak betetzeko ezintasuna, eta klubaren zor erraldoia ez handitzeko premia. Nolanahi ere, prentsaurrekoaren tarte batean klubaren beraren jokabidea zalantzan jarri du: «Akordioa eginda zegoen. Arazorik ez zegoen. Ni, behintzat, zintzoa izan naiz jendearekin», azpimarratu du, kazetariek horri buruz galdetu diotenean. Aitortu du fitxa %50 bat jaistea adostua zutela kontratu berrian. Ez du jakinarazi non jokatuko duen datorren urtean, baina, L'Equipe Frantziako kirol egunkariaren arabera, 34 urteko jokalariak eta PSG Paris Saint-Germainek aurreakordio bat sinatua dute. Messik adierazi du hainbat talderekin hitz egin duela azkeneko orduetan; besteak beste, PSGrekin.
[youtube]https://youtu.be/fc_TpqwkQ8g[/youtube]
Traje urdina eta gorbata jantzita egin du agerraldia azkeneko hamasei urteotan Bartzelonaren ikur eztabaidaezina izan denak. Bakarrik agertu da estadioaren auditoriumean, aurrean, lehen lerroan, emaztea, hiru semeak eta Laporta bera zituela. Erabat hunkituta zegoen, eta hitz egiten hasi aurretik ezin izan die malkoei eutsi. Emazteak berak mukizapi bat eman dio malkoak lehortzeko. Totelka hasi da hitz egiten. Parean zituen Bartzelonako jokalari Pique, Alba, De Jong, Griezmann eta Busquets, esaterako, Ronald Koeman entrenatzailea, baita Bartzelonaren garairik loriatsuenean, entrenatzailea Pep Guardiola zenean, taldekide izandako Xavi Hernandez eta Carles Puyol ere, esaterako.
«Blokeatuta pasatu ditut azkeneko orduak, eta oraindik hala nago», hasi du prentsaurrekoa. Oporretan zegoenean, baita horietatik bueltan, pentsatzen zuen Bartzelonan jarraituko zuela. «Konbentzituta geunden. Gure etxea da, eta Bartzelonan kirol arloan zein pertsonalean daukagun bizitzarekin gozatzen jarraitu nahi genuen».
Zazpi minutuko diskurtsoa izan da. Eta jarraian Messi lur jota, negarrez, lurrera begira, bildutakoen txalo zaparrada entzuten, sentitzen: Bartzelonaren zaleak zeharo hunkitzeko moduko irudia. Eta bizpahiru minutu geroago heldu da galderen txanda. Aurrenetakoa, ez jarraitzeko arrazoiez. «Laportak esan zuen moduan, ezin izan da gauzatu Ligaren auziarengatik...». Eta antzeko beste galdera bati erantzunez: «Ez dakit klubak bere esku zegoen guztia egin ote duen. Nik nire esku zegoena egin dut geratzeko». Javier Tebas patronalaren presidenteaz ere galdetu diote, ea zer esango zion hari: «Ez daukat hari ezer esateko; ez daukat arazorik Tebasekin».
Bartzelonaren ikurra
Azkeneko bi hamarkadetako jokalaririk onenetako bat izan da Messi, onena izan ez bada: hasieran, hegal batetik abiatuta eta teknika eta abiadura uztartuz, eta, pixkanaka, bestelako erregistroak menderatuz posizioa zentratuta. «Fisikoki ongi nagoen bitartean jarraituko dut jokatzen», esan du, gaur. 2004ko urriaren 16an egin zuen debuta Bartzelonarekin, Espanyolen aurka. 17 urte zituen. Bere ibilbideko une bat aukeratzeko eskatu diote, eta, hain zuzen, «debutekoa» hautatu du. Frank Rijkaard zen entrenatzailea.
Messi, gaur, agurreko agerraldian. Andreu Dalmau / Efe
Hurrengo denboraldian, 2005-2006koan, hamaikakoan egonkortu zen, eta Txapeldunen Ligan agerraldi ikusgarri eta ahaztezinak egiten hasi zen; esaterako, Stamford Bridgen, Chelsearen zelaian. Sasoi hartako azkeneko hilabeteetan, ordea, ez zuen jokatu, lesio bat medio. Hortaz, ez zuen jokatu Bartzelonak Arsenali irabazitako Txapeldunen Ligako finala. Hura barne, Messik lau Txapeldunen Liga irabazi ditu. «Nire helburuetako bat Txapeldunen Liga gehiago irabaztea da; [Bartzelonarekin] gehiago ez irabazi izanaren arantza daukat», aitortu du, gaur.
Azkeneko 17 denboraldietan 778 partida jokatu ditu Bartzelonarekin, eta 672 gol sartu. Guztira 35 titulu irabazi ditu: Espainiako hamar liga, lau Txapeldunen Liga, zazpi Espainiako Kopa, sei Urrezko Baloi, eta bost Urrezko Bota. Eta guztiaren gainetik, futbolari ikusgarri eta erabakigarri bat izan da.
«Konforme baino gehiago noa lortutakoarekin», esan du. Pena bat dauka, ordea: ezin izan dituela zaleak agurtu. Esker ona adierazi die taldekideei eta jarraitzaileei, eta adierazi du klubera bueltatzea gustatuko litzaiokeela, arloren batean bere «ekarpena» egin ahal izateko.