Messi vs Osasuna

Jokalari argentinarrak egun txarra izatea garrantzitsua izango da gaur Osasunak Nou Campen punturen bat lortu ahal izateko

Iruñea
2010eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Erronka zaila dauka Osasunak gaur Nou Campen, Bartzelonaren aurka. Sasoi honetan Ligako partida bakar bat ere ez du galdu Pep Guardiolak zuzendutako taldeak bere zelaian: hamahiru partidatik hamabi irabazi ditu eta bat berdindu. Jardunaldiko ezustekoa ematen ahalegindu beharko dute gorritxoek Bartzelonan, baina faborito argia etxeko taldea dela inork ezin du ukatu. Are eta gehiago taldeko izar nagusia sasoi bikainean dutela ikusita. «Diego Armando Messi», «Jainkoak Bartzelonan jokatzen du», «arkakuso kosmikoa» eta antzeko tituluak ikusi eta entzun dira azken egunetan hedabideetan, Bartzelonako izar Lionel Messi argentinarrari eskainita. Partidako hiru gol sartzen ohitu egingo da martxa honetan jokalari argentinarra, eta Osasunako atzelariek ohi baino lan gehiago izango dute gaur munduko futbolari onena zaintzen. Ezustekoa eman ahal izateko aukera Messi ondo lotzetik iritsiko zaio Osasunari, iristekotan, Messiren etxean ariko baita Osasuna gaur.

Une honetan Messi munduko futbolaririk onena dela ukatzerik ez dago. Zaragozaren aurka eman zuen erakustaldiaren ondotik laudorio asko entzun ditu jokalari argentinarrak, gehiegi agian. Baina merezitako laudorioak direla ezin da ukatu, kirol kazetaritzan gehiegikeria ohikoa izan arren. Inoiz izan den futbolaririk handiena dela ere esan dute, Diego Armando Maradona, Edson Arantes Do Nascimento Pele, Alfredo Di Stefano, Zinedine Zidane eta enparauen gainetik jarriz. «Maradonaren antzeko jokalaria da, baina ni egunero entrenatzen naiz haren ondoan, eta, nire ustez, Maradona baino hobea da Messi», esan zuen herenegun Pedro Rodriguez Bartzelonako jokalariak, esaterako. Eta Zaragozako entrenatzaile Jose Aurelio Gayk ere antzeko hitzak erabili zituen igandean Romaredan jokatutako partidaren ostean: «Maradona ikusi dut zelaian gaur, baina Maradonak baino abiadura handiagoarekin».

Inoiz izan den futbolaririk handiena izateko, bere herrialdeko selekzioarekin Munduko Kopa irabaztea derrigorrezkoa du Messik, hainbat adituren ustez -Argentinako selekzioarekin ez du inoiz lortu Messik Bartzelonarekin duen protagonismoa-. Eta beste zenbait adituk diote hainbat garaitako futbolariak alderatzea ez dela bidezkoa, zuhur. Kontuak kontu, Messik 22 urterekin duen ibilbidea eta garaipen sorta oso jokalari gutxiren esku dago. Pelek soilik lortu zituen lorpen gehiago adin horretan. Eta azken boladako jokoari eutsiz gero, argi dago ez litzatekeela harrigarria izango Messik Peleren lorpenak hobetzea.

Osasunak arazo bat dauka gaur. Hori argi dago. Bartzelonako jokalari guztiei begirune handia diete gorritxoek, eta Messi nabarmentzerik ez dute nahi izan partidaren atarian. Baina Messik Zaragozan erakutsitako bideari jarraitzea erabakiz gero, akabo, Messi bera bakarrik Osasunako jokalari guztiak baino erabakigarriagoa izan baitaiteke. Denboraldia hasi zenetik Ligan jokatutako 27 partidetan 25 gol sartu ditu Osasunak -Pandianik sartu du gol gehien, zazpi-. Messik 27 partida horietatik 24 jokatu ditu, eta 25 gol sartu, Osasunako jokalari guztiek adina gol alegia.

Jose Antonio Camachok ez du baztertu ezustekoa emateko aukera, dena dela: «Normalean, galdu egiten dute talde guztiek Nou Campen, baina egunen batean ezustekoren bat izango da, eta zergatik ez dugu emango guk? Zaila izango da, defendatzea egokituko zaigu gehienbat, baina baloia hartutakoan ondo pasatzen eta gozatzen ahalegindu behar dugu, ezeri uko egin gabe», adierazi zuen atzo.

Osasuna, aurrelaririk gabe

Osasunak, gainera, golegilerik onenak jokatu ezinda dauzka. Walter Pandiani eta Carlos Aranda ez daude oraindik jokatzeko moduan, eta igandean Eduardo Fernandes Dady-k min hartu zuen. Beraz, Jorge Galan da jokatzeko moduan dagoen aurrelari bakarra. Galanek bere burua aldarrikatzeko aukera ederra zeukala zirudien, baina azkenean Camachok ordezkoen aulkian utziko du harrobiko jokalari gaztea. Krisztian Vadocz aurreratu eta Patxi Puñal sartuko du euskarrian, Masud Shojaei jokalari aurreratuenaren tokian utzi eta Javier Camuñas ezkerrera pasatuz. Aurrelari petorik gabe ariko da, beraz. Atzealdean, Sergio Fernandez min hartuta dago, eta Josetxo Romerok ordezkatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.