Eibar jostailu huts bat izan da gaur Bartzelonaren eta Messiren eskuetan. Camp Nou plaza madarikatua da gipuzkoarrentzat, eta gaur beste amesgaizto bat bizi izan dute. Seigarren aldiz aritu dira kataluniarren estadioan, eta aurreko bost lehietan bezala, astindua jaso dute. Bost gol jaso dituzte, eta horietatik lau, Messik egin dizkie. Hilabete zeraman argentinarrak golari bizkarra emanda, baina eraginkortasuna berreskuratu du gaur. Aurkari kutuna du Eibar: gaurko lau golekin, hogei egin dizkio jada.
Giroa gaiztoturik dago Bartzelona aldean. Agintarien kudeaketak krisi instituzionala eragin du Kataluniako taldean, eta horren oihartzuna entzun da harmailetan: zaleek txistu egin diote Josep Maria Bartomeu presidenteari lehia hasi aurretik, zapiak astintzen zituzten bitartean. Iraganeko irudiak ikusi dira Camp Noun. Horrenbestez, ur arrotuetan arrantza egiteko aukera zeukan Eibarrek. Bada, lehen alea lortzear izan da neurketa hasi eta berehala: Escalantek luzatua egitera behartu du Ter Stegen, eta hurrengo jokaldian, baloia sareetara bidali du Enrichek. Jokoz kanpo zegoen, ordea.
Ohi bezala, lerroak aurrean paratu, eta aurkaria gogor estutzen ahalegindu da Mendilibarren taldea. Haatik, maila tekniko handiko jokalariak zituen aurrean, eta nahi baino sarriagotan egin behar izan du atzera. Ter Stegenek baloi luze zehatzak bidali dizkio Vidali, eta hala, ezerezean utzi Eibarren presio aurreratua. Ez da armaginen estiloa beren areatik gertu defendatzea, baina horretara behartu ditu Bartzelonak. Gauzak hala, denbora kontua zen Messi agertzea. 14. minutuan egin du lehen agerraldi distiratsua. Rakiticen lerro arteko pasea jaso, baloia Arbillaren hanka azpitik pasa, eta maisuki gainditu du Dmitrovic, jaurtiketa erdi loratu batekin.
Zutik irauten saiatu da Eibar. Aurkariaren baloi irteera oztopatu nahian jarraitu du, eta noizbehinka, iritsi da areara. Aitzitik, ez du asmatu azken metroetan. Messik ez bezala. Bartzelonaren jokoa ez da biziegia izan; baina atsedena gertu zela, hankaz gora jarri du norgehiagoka izar argentinarrak, bi minutuan bi gol sartuta. Lehenik, erritmo aldaketa bortitza egin, eta jaurtiketa gurutzatua bidali du zutoinaren parera. Eta gero, Coteren galera bat baliatu du hirugarren gola egiteko. Hasiera batean, Griezmanni goleko pasea izan behar zuena eman dio, baina frantziarrak ez du asmatu. Aldaratzea Messik hartu du eta hark ez du barkatu.
Orduan bai, zerraldo erori dira gipuzkoarrak. Konortea galdu dute, eta Dmitrovicengatik ez balitz, zigor are handiagoa jasota helduko ziren atsedenaldira. Etenak on egin die, eta beren onera itzuli dira bigarren zatian. Escalantek oso gertu izan du gola, eta Cotek eta Inuik ere aukera onak izan dituzte. Arbillak baloia sareratzea lortu du korner batean, baina gol hura ere baliorik gabe gelditu da, arriskuz jokatu duelakoan. Bartzelona lasai zegoen, baina kitzikatu egin du Braithwiteren sarrerak. Kataluniarren azken fitxaketak parte hartze zuzena izan du Messik eta Arthurrek azken txanpan egin dituzten goletan. Eibarrek biziki eskertu du amaierako txistua.