Metroaren zain

Garraioa da buruhauste handiena antolatzaileentzat; NOBarentzat, berriz, apustuak. Sarreren salmentak ere polemika handia piztu du.

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Londresek 3,5 milioi turista hartzen ditu urtero, eta Olinpiar Jokoen amuarekin kopurua hurrengo urtean 5 milioira handitzea espero da. Hori erronka handia da hiriaren garraio sistemarako, egun, dagoeneko, bere ahal guztian baitabil lanean. Arazoak ohikoak dira Londresen, eta azpiegitura asko, metroarena esaterako, zaharkituak daude. «Zuk ezin duzu goi mailako kirolari bat ekarri bere lehia puntura hamar minutuan iritsiko dela ziurtatu gabe» onartu du Coenek, eta «ezohiko neurriak» hartuko direla aurreratu du. Olinpiar parkea hiriko erdigunetik 2,5 kilometrotara dago, eta bertarako garraio publikoa etengabekoa izango da. Arazoa, baina, beste azpiegituretara iristea izango da. Jacques Rogge ere arduratuta agertu da. «Garraioa beti da arazo Olinpiar hiri batean, Londresek, baina, egunero du arazo hori. Kirolariak, teknikariak, epaileak, telebista kameralariak… horiek iristen ez badira ezin da jokorik egon». Arazo guztiei metroko langileen greba gehitu daiteke. Hasi dira protestaldiekin eta akordio batera iritsi ezean jokoetara arte luzatzearen mehatxua egin dute. Rogge, baina, baikorra da, baikorregia agian. «Inoiz ez da halakorik pasa, eta jokoen indarrak konponbidea erraztuko du».

Sarreren salmenta ere polemika iturri izan da. Banaketa zozketa bidez egin dute, eta kexa asko egon dira ez delako oso arbitrarioa izan. Era berean, prezio altuek —merkeenek 24 euro balio zuten eta garestienek 2.600— eta bakarrik VISA txartel bidez erosi ahal izateak ikusleak sutu ditu. Antolatzaileek eskari handiari egotzi dizkiote kexak, ia bi milioi pertsonek 22 milioi sarrera eskaera egin baitituzte, eta guztira 6,6 milioi sarrera zeuden salgai. %75 Ingalaterran saldu dituzte, %12,5 munduko beste herrialdeetan eta %12,5 antolatzaile eta babesleek hartu dituzte. Roggen iritziz, halako kopuruekin, arazoak «eragoztezinak» dira. «Hogei milioi eskaera egon badira, normala da atsekabeturik gelditu den jendea egotea. Nik esan dezakedan gauza bakarra da txartel salmenta sistema justua izan zela».

Sarrerak eskatzeko epea iragan ekainaren 24ean bukatu zen, eta zozketa handia egin zen. Handik egun gutxira Ingalaterrako hedabideak milaka kexa jasotzen hasi ziren: sistemak onartzen ez zituen txartelak, eskatu gabeko txartelak —Londresko langile bati 3.000 eurotik gorako sarrera eskaintza iritsi zitzaion—, Londresko udaletxeko hainbat karguk proba erakargarrienetarako sarrerak aurretik ziurtatuta zituztela... Coek, halere, publikoki defendatu du sistema. «Inoiz ez dira joko batzuetarako sarrerak hain bizkor saldu eta nik ziurta dezaket justua izan zela. Halere, ulertzen dut jende askoren atsekabea». Atsekabe horren ahots bilakatu da Bradley Wiggins, Sky taldeko txirrindularia eta Britainia Handiko pista selekzioarekin urrezko hiru domina irabazitakoa. «Kontrol gabeko zozketa izan da, nire seme alabek telebistaz ikusi beharko dute aita etxe alboan nola lehiatzen den». Britainia Handiko hainbat atletek antzeko kexuak egin dituzte.

«Londresen, legez kanpoko apustuek dopinak baino gehiago arduratzen naute». Jacques Roggen esanetan apustuak dira jokoek arrisku handiena. NOBeko buruak argitu duenez batzordeak apustuek hainbat kirol proba baldintzatu dituztela detektatu dute honezkero. «Talde kiroletan dopinak jokalari baten maila baldintza dezake, apustuek, berriz, talde guztiarena, horregatik da larriagoa. Gainera, ez da hain zaila penalti bat eragitea». Dopinari dagokionez, odol eta gernu kontrolak egingo dituzte, eta momentuz alboratu egin dute kontrol genetikoekin hastearen aukera.

Hainbesteko hautsik harrotu ez duen arren, olinpiar suziriaren ibilbideak ere zeresana eman du. Suziriak ez dio munduari itzulia emango, Atenasen piztu eta 70 egunez ibiliko da Ingalaterra, Gales, Eskozia eta Iparraldeko Irlandan zehar. Antolatzaileak Irlandan sartu eta Dublinera iristea aztertzen ari dira. Pekineko jokoetan protestaldi politikoek, gehienak Tibeten independentziaren aldekoak, suziriaren bidea oztopatu zuten eta halako polemikak eragotzi nahi izan dituzte. «Azken urteetan aldarri politiko desberdinek kirol sinbologiak baino oihartzun handiagoa hartu dutelako erabaki dugu ibilbide motza», azaldu du Coenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.