FUTBOLA

Mexiko garaile futbolean

2-1 irabazi dio Brasili, Peraltaren bi goli esker. Emakumezkoetan, AEBek lortu zuen urrea atzo, finalean Japonia 2-1 menderatuta. 

2012ko abuztuaren 11
09:16
Entzun

Mexikok 2-1 irabazi dio Brasili Olinpiar Jokoetako gizonezkoen futbol finala. Joko-ekimena Brasilena izan da gehienean, baina ez dute mexikarren atea zulatzen asmatu. Mexikok Brasilen atzealdeko bi akats baliatu ditu garaipena eskuratzeko.

Partida berehala hautsi da; izan ere, lehen minutuan Peraltak Brasilgoen atzealdearen huts bat probextu, eta gola sartu du. Hortik aurrera Mexiko defentsan indartsu agertu da, eta Brasilek arazo handiak izan ditu baloia ate ingurura arriskuz eramateko.

Mexikoren bigarren gola bigarren zatian iritsi da. Kornerra atera dute, eta Peraltak, bakar-bakarrik, bigarrena sartu du buruz. Brasildarrak ez dira batere fin aritu jokaldi horretan, beste behin.

Luzapenean kontraeraso batean Hulken bitartez markagailua itxuratzea lortu du Brasilek. Beranduegi, ordea.

Inork gutxik ematen zuen ezer Mexikoren alde. Kanporaketetara lehen fasea ondo jokatu gabe iritsi ziren, baina finalerdian, txapelketako talde onenetako bat belaunikarazi zuten: Japonia. Garaipen horrek indartu egin zituen buruz, eta indar hori baliatu egin dute finalean, ezbairik gabe.

Brasilek, berriz, finalera arteko norgehiagoka guztiak irabazi ditu, baina kanporaketetan zalantza asko utzi ditu. Azken laurdenetan justu-justu menderatu zuen Honduras, eta Ipar Koreak ere zailtasun franko eman zizkion finalerdietan, azkenerako Brasilek gol putzua lortu bazuen ere. Horrek antsietate pixka bat eragina zuen berde eta hori koloreko jantzia daramatenen artean.

Hala, Brasilgo selekzioak ezin izan du falta duen lorpen bakarra lortu: Olinpiar Jokoetan urrea eskuratzea. Bost aldiz izan da munduko txapeldun, eta olinpiar txapeldunorde beste bitan. 

Emakumezkoetan AEBetakoak nagusi

Emakumezkoetan, AEBek lortu zuten urrea atzo, finalean Japonia 2-1 menderatuta. Estatubatuarrek hirugarrenez irabazi dute jarraian olinpiar urrea, eta iazko Munduko Kopako porrotaren mendekua hartu dute. Carli Lloydek sartu zituen AEBetako bi golak, Ogimik Japoniakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.