Miarritze-Baiona

Miarritze igo da Top 14ra, eta Baionak maila galdu du

Jaurtiketetan erabaki da partida, eta 6-5 irabazi dute Miarritzekoek hor. Partida eta luzapena berdinduta bukatu dituzte (6-6).

jarraia199046.jpg
Aitor Manterola Garate.
2021eko ekainaren 12a
17:30
Entzun

Inoizko derbirik garrantzitsuena hasi dute oraintxe Miarritzek eta Baionak Aguilera estadioan (17:30, Canal Plus Frantzia). Datorren denboraldian Top14an, Frantziako liga nagusian, aritzeko azken postua izango dute jokoan, partida bakarrera. Baionak maila horretan jarraitzeko egingo du borroka, eta Miarritzek ez du kale egin nahi mailaz igotzeko duen bigarren aukeran.

Aguileran sekulako giroa dago, eta 5.000 zale batu dira, ia denak etxeko taldearen aldekoak. Hasiera honetan, bi taldeak arrisku handirik hartu gabe ari dira. Bi taldeak baloia ostikoz jotzen dabiltza, norbere entsegu marratik ahalik eta urrunen izateko jokoa. Lehen arrisku jokaldia Miarritzen aldekoa da, baina Baionaren hagetatik urrun: zigor kolpea. Jokaldiak ez du ezer ekarri. Orain, ordea, beste aldean du alde zigor kolpea Baionak. Metro pila bat aurreratu ditu, eta plakatu egin behar izan dute gaur etxean ari den taldeko jokalariek. Ez du punturik batu Baionak, eta berdinduta segitzen du derbiak.

Jokoari dagokionez, Miarritze hasi da eskura jokatzen saiatzen, baina Baiona ondo ari da defentsan. Miarriztarrek ikusi dute baloia ostikoz jota ez dutela etekinik ateratzen, eta beste jokamolde bati ekin diote. Baina partidako lehen entsegua Baionak egin du; hala ere, epailea telebistan ikusten ari da jokaldia, balekotzat eman edo ez. Ez du ontzat eman azkenean. Husna beraz 17. minutuan.

Miarritzek izan du zigor kolpe egokia emaitza alde jartzeko, Baionaren zelaian, baina kanpora bota dute, albotik sakea ateratzeko. Indartsuago sentitzen dira jokaldi horretan. Atera dute, eta beste zigor kolpe bat eragin du. Hagetara bota du, baina kanpora joan zaio ezkerraldetik.Bi aukera on galdu ditu aurretik jartzeko, horrenbestez.

Baiona hasi da orain eskutik eskura jokatzen, baloia batetik bestera eramanez. 20. minututik gora doa partida, eta lehenean segitzen du: arrisku handirik ez bi taldeen partetik. Ematen du kontu txikiek erabakiko dutela partida, eta puntu gutxikoa izango dela. Hala ere, badirudi partida hausten hasi dela Baionaren alde jokoari dagokionez, baina emaitzan ez da aldaketarik. Dena dela, halakoetan gertatu ohi den bezala, Miarritzek du aukera ona, beste zigor kolpe batekin. Barrura Gilles Boschek eta 3-0 etxekoan alde. Segituan eman dio buelta Baionak, jokaldi bertsua izan duelako alde, baina hagetatik kanpora egin du jaurtiketa Gaet Germainek. Lehen zatia bukatzear dela, Miarritze ari da hobeto, baloiaren jabe eginda. Aurretik jarri izanak indarra eta konfiantza eman die, eta 3-0koarekin doaz atsedenaldira.

Bigarrenaren hasieran, Miarritze hobetoxeago hasi da, baina baloia galdu, eta uztartzea dauka Baionak alde.Nagusitzen ari da jokaldi horietan, kilo gehiago dituelako aurrealdean aurkariaren aldean, eta uztartzeen bidez ari da etxekoen 22ko lerroaren barrura sartzen. Miarritzek jokalari aldaketekin erantzun dio, uztartzeak parekatzeko asmoz.

Tentsioa ere bizitu da zelaian, eta bi taldeetako jokalari batzuk elkarri lepotik helduta dabiltza. Jokaldi batean piztu da xextra. Asko dago jokoan, eta gero eta gutxiago falta da partida amaitzeko. Jokoa abian da berriz, eta lehengo bidetik doa jokoa. Baiona nagusi, eta lortu du zigor kolpe bat: berdinketa eman dio Maxime Lafagek 51. minutuan. Ondorenean ere nagusi segitzen du, entsegu bat lortu nahian Miarritzeren 22ko lerroaren barruan.

Azkeneko txanpan da partida, hogei minutu falta dira, eta hasierako jitea du: arriskuei ihes egiten dabiltza bi taldeak, eta baloia ostikoz jotzearen hautua egin dute. Orain akats bat egitea partida galtzea izan daiteke. Lehen zatiaren akaberan gertatu den bezala, Miarritze eskura jokatzen hasi da, eta kendu du gainetik Baionaren presioa. Atera da, gutxienik, bere zelaitik.

73. minutuan da partida, eta luzapenera bidean doa. Aurretik, Baionak izan ditu pare bat zigor kolpe aurretik jartzeko, baina eskura jokatzea erabaki du. Miarritzek ere izan du zigor kolpea 75. minutuan, baina kale egin du Hartek, albo batera joan zaiolako jaurtiketa. Baionak egin du aurrera gero, eta gertu dauka entsegua. Marra horren gainean dago Miarritze defentsan. Sekulako lana egin dute, eta saria jaso. Baloia berreskuratu eta atera egin dira zulotik, baina ez dute punturik lortu. Bukatu da partida, eta luzapena izango da Aguileran.

Ekin diote partida ondorengo beste partida txikiari (hamar minutuko bi zati), baina handi egingo zaie jokalariei, nekeak jota daudelako. Miarritze ondo hasi da, eta zigor kolpea du alde. Aukera bikaina du berdinketa hausteko, eta Hartek gauzatu egin du: 6-3 Miarritze aurretik. Berriz ere berotu egin da partida Baionak egindako falta batean. Zigor kolpea eragin du horrek Miarritzen alde, baina kale egin du Hartek. Erasora egin du Baionak, beharra duelako emaitza iraultzeko eta denbora gutxi. Miarritzek, aldiz, baloia lortzen duenean, ostikoz luze jotzen du, baloia bere hagetatik urruti egoteko. Izan du aukera Baionak entsegua egiteko, ostikoz baloia gurutzatuta, baina etxeko taldeko jokalariak adi egon dira aukera eteteko. Bukatu da horrenbestez luzapenaren lehen zatia.

Bigarrenaren hasieran, Baionak luze jo du baloia aurrera, eta Luc hegalak harrapatu egin du. Entsegua egin du, baina marra zapaldu duenez, baliorik ez du izan, partidan bigarrenez. Entseguaren bila ari da, baina ondo eusten dio defentsan Miarritzek. Epaileak zigor kolpea adierazi du: hagetara jaurtiko dute ala eskura jokatuko, lehen bezala? Erdi parean da, eta badu jaurtitzeko modua Germain atzelariak. Sartu egin du, eta 6nako berdinketa jarri du. Sei minutu falta dira.

Bukatzear da partida, eta Baionak du baloia, baina galdu egin du, partidan zehar hainbatetan gertatu zaion bezala. Alboko sakea du Miarritzek alde, aurkariaren zelaian. Harrapatu egin dute etxekoek baloia, baina ez du aurrera egin. Eskutik eskura ari da jokatzen, baina geratu egin dute Baionakoek. Baloia berreskuratu eta hor bukatu da partida. Jaurtiketek erabakiko dute bi taldeetako zein ariko den Top 14an datorren sasoian.

Jaurtiketetan Germainek Baiona aurreratu du. Hartek ere sartu egin du berea Miarritzerentzat. Bigarrenean, barrura sartu du Baionak, baita Miarritzek ere. Baionarrek hirugarrena ere haga artean sartu dute, eta beste horrenbeste egin dute Miarritzekoek ere. Baionak asmatzen segitu du (4-3), baita Miarritzek ere (4-4). Bosgarrena sartu egin du Peio Muskarditzek baionarrentzat, baita Miarretzek ere (5-5). Lucek kale egin du Baionakoen seigarrenean, eta Miarritzek asmatu egin duenez, Miarritzek irabazi du (6-5 jaurtiketetan), eta Top 14an ariko da datorren sasoian. Baionak PRO D2 ligan jokatuko du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.