Miarritze nora ezean ibili da (41-0)

Lapurtarrak ez dira nor izan Clermont liderraren etxean, eta beste astindu gogor bat jaso dute

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Larria da Miarritzeri gertatzen ari zaiona. Munduko Kopan zituen jokalariak gabe, nora ezean ibili da sasoi hasieratik, eta atzo, berriz ere, zer egin jakin gabe gelditu zen Clermonten aurka. Top14ko liderrak gauza ederrak erakutsi zituen, baina onartu behar da Miarritzek gauzak oso erraz utzi zizkiola.

Lehen oren laurdena jokatzerako Miarritzek 17-0ekoa bildu zuen. Clermontek entsegu politak sartu zituen, baina lapurtarren defentsak maila horretan nekez onartzen ahal diren zuloak utzi zizkion zelai erdian. Hasiera dorpe hori kario ordaindu zuen Miarritzek, gero ez zelako sekula partidaren haria berriz hartzeko gai izan. Hortik aitzina, Clermontek bere martxan eraman zuen norgehiagoka. Orotara, bost entsegu sartu zituen etxeko taldeak eta harrobiko Fofana gazteak bi sartu zituen. Clermontek, Miarritzek ez bezala, Munduko Kopan izan dituen hutsuneak ederki estali ditu harrobiarekin.

Partidaz haratago, adierazgarriak izan ziren Serge Blanco presidentearen hitzak. Orain arte, egoera baretzen entseatu zen Blanco, baina atzo etsita ikusi zen. «Sekulako porrota», «Berezina» (Napoleonek galdutako bataila ezagun baten erreferentzia), «etsipena» eta gisako hitzak erabili zituen. Hurrengo partidetarako, mundialisten ekarpena hil edo biziko afera izanen da Miarritzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.