Baten poza, bestearen atsekabea. Hori gertatu zitzaien atzo Miarritzeri eta Baionari, Top14 Ligan ari diren bi euskal taldeei. Miarriztarrek ez zuten huts egin Ligako azken jardunaldian. 38-10 irabazi zioten Montaubani, eta Heineken Koparako txartela eskuratu zuten. Baionarrak, aldiz, atarian geratu ziren. Parisko Stade Française indartsuari irabazteko gai izan ziren (31-27), baina erasoko puntu gehigarria lortzea falta izan zitzaien helburua betetzeko. Izan ere, Brive, Heineken Koparako sailkatzeko aukera zuen beste taldeak, berdindu egin zuen Bourgoinen zelaian (19-19). Azken sailkapenean, Miarritze bosgarren izan da (71 puntu), Brive seigarren (66 puntu) eta Baiona zazpigarren puntu kopuru berarekin, baina Brivek baino tanto alde okerragoarekin -Baionak bost tantoko aldeaz irabazi zion Briveri Jean Dauger zelaian (14-9), baina Briven zazpi tantoko aldeaz galdu zuen (13-6)-.
Beraz, datorren denboraldian ez dira bi euskal talde ariko Heineken Kopan: Miarritzek bai jokatuko du Europako taldeen arteko lehiaketa nagusia, baina Baionak Challenge Kopa jokatzearekin konformatu beharko du. Nolanahi ere, Baiona seigarren geratu izan balitz ere ez luke ziurtatuta izango Heineken Koparako txartela. Bourgoinek Europako Challenge Kopako finala jokatuko du datorren ostiralean Londresko Twickenham estadioan Northampton Ingalaterrako taldearen aurka, eta irabaziz gero, berarentzat izango litzateke Heineken Koparako txartela. Briveren pozak, beraz, gutxi iraun dezake. Hala ere, gustura egongo litzateke Baiona haren tokian.
Garaipen bikainak
Pena izan zen Baionari gertatutakoa, baionarrek norgehiagoka bikaina jokatu baitzuten Parisko Stade Françaiseren aurka. Egia da Stade Françaisek Top14ko finalerdietan zuela burua, eta ez zuela ohi baino gehiago arriskatu, baina ezin zaio meriturik kendu Baionak lortutako garaipenari. Balentria biribiltzea falta izan zitzaion, erasoko puntu gehigarria lortzea, alegia.
Miarritzek, aldiz, ondo egin zituen etxeko lanak. Nahikoa zuen Montaubanekin berdintzea Heineken Koparako sailkatzeko, baina horrekin konforme ez eta irabazi egin zuten. Miarriztarrek etxeko zaleei eskaini nahi zieten garaipena eta Heineken Koparako txartela, eta lortu zuten helburua. Norgehiagoka amaieran festa izan zen Agileran, sasoi nahiko gorabeheratsua egin arren, Miarritzek orain aste batzuk oso zaila zirudiena lortu baitu: Heineken Koparako sailkapena.
Miarritzek bai, Baionak ez
Miarriztarrak Heineken koparako sailkatu dira. Baionarrak, aldiz, atarian geratu dira, puntu aldeagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu