Miarritze. Coetzee (Watremez, 41. min.), Terrain (August, 46. min.), Johnstone (Marconnet, 26. min.); Thion, E. Lund (Roidot, 54. min.); Hariñordoki (kap.), Lakafia, Lauret (M: Lund, 46. min.); Yachvili, Peyrelongue; Balshaw (Bolakoro, 60. min.), Traille (Mignardi, 75. min.), Bosch, Ngwenya; Haylett-Petty.
Arroxela. Toderasc (Bares, 41. min.), Geledan, (Pani, 51. min.) Leupulo (Clement, 56. min.); Faasalele, Grobler; (Mohr, 56. min.) Sazy, Carmignani, Som (Djebali, 56. min.); Neveu (Ferrou, 60. min.), Tales (kap.); Ligasiri, Roux, Combezou, Dall´Igna (Gaugau, 51. min.); Dambielle.
Markagailua. 3-0; 10-0; 10-3; 10-6; 13-6; 20-6 (atsed.) 27-6; 27-11; 32-11; 32-18; 32-25; 32-30.
Epailea. Cyril Lafon.
Errusiar mendia bezain gora beheratsua izaten ari da Miarritzeren ibilbidea sasoi honetako Top 14an. Parisko Staderen aurka oso aise galtzeko gai den taldea, Tolosa Europako txapeldunaren etxean garaipena huskeria batengatik huts egiteko gai da. Perpinyaren aurka oso erraz gibeletik egon ondoren, partidari itzulia emateko eta irabazteko gai da.
Atzo, Miarritzeren bi aurpegiak ikusi ahal izan ziren. Berrogeita hamar minutuz, Arroxela apalaren aurka partida kontrolpean izan zuen. Serio aritu zen. aitzinean indarra erakutsiz, eta gibelean bere erasoaldiak ederki eraikiz. Lehen zatian bi entsegu sartuak zituen, eta hamar minutu pasa zirelarik, dagoeneko lau entsegu zituen saskian, Arroxelaren bakarraren parean. Ordurako, erasoko puntu gehigarrian pentsatzen hasiak ziren Agilerako zaleak. Gauzak ezin hobeki ari ziren joaten Miarritzerentzat.
Baina, orduan gauzak aldatzen joan ziren. Arroxela talde jostaria da, erasoan arriskuak hartzea laket zaion horietakoa. Atlantiar kostako jokalariak ez ziren beldurtu, markagailuan 32-11 gibeletik joan arren. Bigarren zatia bisitarien aldekoa izan zen argi eta garbi.
Alderantziz, Miarritze lasaitzen hasi zen, eta lehen zatiko seriostasuna ments izan zuen azken oren erdian. 53. minutuan Samoako Leupoluk sartu zuen Arroxelaren bigarren entsegua. Oraindik garaipena ez zegoen arriskuan, baina erasoko puntu gehigarria galdu zuen Miarritzek jokaldi horren ondorioz.
Partidaren noranzkoa, zorigaitzez, erabat aldatu zen ordutik aitzina. Arroxelak ausart jokatzen jarraitu zuen eta Balshawen txartel horia baliatu zuen hirugarren entsegua sartzeko. Zigor entsegua eman zion epaileak kanpoko taldeari eta gauzak oso estu ezarri ziren: 32-25.
Arroxelaren beste abisu bat etorri zen geroago (69. min.). Ligairi fijiarrak bere taldearen jokaldi eder bat bukatzeko aukera izan zuen, baina ezin izan zuen entsegua sartu. Zigorra hurbil zuen Miarritzek, eta azkenean iritsi beharrekoa iritsi zen. Remi Tales kapitainak bi minutu berantago Arroxelaren laugarren entsegua lortu zuen. 32-30 zegoen markagailua, eta Dambiellek entsegu gauzatzean zuen berdinketa. Baina, Miarritzeko jokalari ohiak ez zuen asmatu, eta azkenean garaipena etxean gelditu zen.
Miarritze 32. Arroxela 30
Miarritzek bere burua beldurtzeko artea dauka
Xuri-gorriak 32-11 aitzinetik joan arren, Arroxelak partida berdintzeko aukera izan du azken txanpan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu