Ez dirudi Miarritze Top 14ko bigarrena dela aste barruan Castresen jokatu beharreko partidari buruz jokalariek errandakoak entzunda (18:30). Agilera aldean, denak mintzatu dira zuhur: «Castresen aurka beti kosta zaigu. Badakigu oso zaila dela irabaztea, eta oso partida gogorra izanen da», esan du Damien Traillek. «Gure helburua partida ona egitea da. Castres talde aparta da, eta emaitzari baino gehiago, izpirituari begiratuko diogu», erantsi du Jack Isaac gibelekoen entrenatzaileak.
Umiltasunari iltzatuta jarraitzen du Miarritzek sasoi hastapen honetan. Iragan sasoiko lezioa ongi ikasita dauka. Hala ere, azken asteetako emaitza onek konfiantza sortu dute. «Jokalariek bereganatu egin dugu indar handia daukagula. Aurreko sasoian baino txandakatze gehiago egiten ditugu, eta horrek laguntzen du maila ona eusten», azaldu du Jerome Thionek.
Aldaketa ugari
Fitxaketek on egin dute, eta iragan sasoiko porrotetatik anitz ikasi dute harrobiko gazteek. Dagoeneko Top 14aren exijentziara zailduta daude. Entrenatzaileek hamabostekoan aldaketa gehiago egiteko aukera dute. Horren erakusle da gaur entrenatzaileek zelairatuko duten taldea. Aitzinean, lehen lerro osoa aldatuko dute, eta Barcella, Genevois eta Kodela ariko dira hasieratik.
Aldaketa handienak, baina, gibelean izanen dira. Benoit Babyk lehen aldiz hasieratik jokatuko du. Dan Haylet-Pettyk ere lehen partida izanen du, osatu eta gero. Zer erran handiena emango duen aldaketa Julien Peyrelongue hasieratik aritzea da. Landetako irekitzaileak, orain arte bikain aritu den Jean-Pascal Barraquen lekua hartuko du, gazteak atseden izanen baitu. Peyrelonguek presioa izanen du, Barraque bikain aritu delako ostikadetan, eta bere mailari erantzun beharko diolako. Horrelakorik ezean, oso zail izanen du Miarritzek irabaztea.
Miarritzek bidaia bihurria egingo du Castresera
Miarriztarrek sufritu egin izan zuten Castresen aurka, baina gogoz daude, sasoia bikain hasi ostean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu