Miarritzek garaipen garrantzitsua lortu du Clermonten aurka

Aguilerakoek estu irabazi dute etxean (15-14), eta zortzi punturen aldea ateratzen diote Baionari

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Miarritzek egin beharrekoa egin zuen atzo Clermonten aurka. Oso partida zailean, kanpokoen bi entseguei erantzuten jakin zuen, Dimitri Yachviliren zangoari esker, eta garaipena lortu zuen. Garaipen horri esker, hurrengo sasoian Top14an jarraitzeko puntu sorta ederra bildu zuen. Dagoeneko, hamargarren postuan daude miarriztarrak eta zortzi punturen aldea kentzen diote Baionari. Hurrengo lau partidetatik bi irabaztea aski dute beren geroa segurtatzeko.

Ederki izerditu behar izan zuten miarriztarrek Clermonti irabazteko. Kanpokoek partida ona jokatu zuten. Defentsan sekulako gaitasuna erakutsi zuten uztartze irekietan jokalaririk ez xahutzeko. Gehienez jokalari bat edo bi joaten ziren baloiaren bila, eta besteak lerroan gelditu ziren, defentsarako prest.

Lehen zatian Clermontek bi kolpe gogor jo zizkion Miarritzeri, bi entsegu sartuz. Lehena Lapandryk sartu zuen, eta Kayserrek bestea, bost minutu berantago, Yachviliren ostikoa berreskuratuz. Bi entsegu horien erruz 6-14 gibeletik joan zen atsedenaldira Miarritze.

Bigarren zatian, halere, etxekoen aitzinekoek lan ederra egin zuten. Uztartzeetan min egin zieten Clermontekoei, eta pixkanaka zigor kolpeak irabazten joan ziren. Yachvilik ez zuen barkatu eta 15-14koa ezarri zuen. Partida bukaeran Clermontek entsegua lortzeko bi aukera garbi izan zituen, baina Miarritzek aldeari eutsi zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.