Castres. Forestier, Bonello, Ducalcon (Wihongi, 50. min.); Murray, Rolland; Diarra, Caballero, Masoe; Kockott, Bernard; Andreu, Bai, Evans (Sanchou, 58. min.), Martial (Lacrampe, 80. min.); eta Teulet (Bonnefond, 74. min.).
Miarritze. Marconnet (Watremez, 53. min.), Hegi (August, 55. min.), Kodela; Thion, Taele; Lauret (Lakafia, 39. min.), Hariñordoki, Guyot; Yachvili, Peyrelongue; Baby, Traille, Bosch (Bolakoro, 59. min.), Ngwenya; eta Balshaw.
Markagailua. 3-0, 3-7, 10-7 (atsed.); 10-14, 13-14, 20-14, 20-17, 23-17, 23-20, 26-20, 29-20 eta 29-23.
Epailea. Pascal Gauzere.
Miarritzek galdu egin zuen atzo, Castreseko Pierre Antoine zelaian. Defentsako puntua lortu arren, ez zuen asmatu jaisteko postuak atzean uzten, eta azken-aurreko postuan dago oraindik ere, Baionaren aitzinetik. Egoera txarrean dago Lapurdiko taldea, eta lan asko gelditzen zaio aitzinetik. Baina Miarritzek badu itxaropenerako motiborik.
«Oraindik ez dugu irabaztea lortu, baina goraka goaz, eta azken asteetan partida hobeak egiten ari gara». Benoit August Aguilerakoen aztalkariak ezin zuen hobeki laburbildu Miarritzeren martxa. Castresenaren mailako zelai bihurri batean galtzea ez da ahalge izateko modukoa —etxean ez du partidarik galdu Castresek—. Miarriztarrek eman zuten mailak utzi du itxaropenerako tarterik.
Atzo, partidako une anitzetan Miarritze izan zen nagusi. Castresek baino askoz hobeki hasi zuen partida; sekulako partida egin zuten Lauret eta Guyoten irudiko, eta agintzen jardun zen. Castresen zelaia okupatu zuen, baina ez zuen asmatu aginte hori puntu bihurtzen. Luzaz, Castres egon zen aitzinetik, 3-0.
Lehen zatia bukatzeko bost minutu falta zirela, Guyotek entsegu ederra sartu zuen, nagusi zen uztartze baten gibeletik: 3-7. Bazirudien Lapurdiko taldea abiada hartzen ari zela, baina Castresek berehala ihardetsi zuen. Lehen aukera garbian, Martialek entsegua sartu zuen, atsedenaldia iritsi baino lehen: 10-7.
Bigarren zatian, Miarritzek berriz aitzina hartu zuen, Taeleren entsegu bati esker: 10-14. Berriz ere bide onean zeuden lapurtarrak. Baina, lehen zatian gertatu bezala, Castresek aukera guztiak baliatu zituen berriz aitzina hartzeko. Romain Teuletek ostikada batez aldea murriztu zuen, lehenik: 13-14. Martialek bere bigarren entsegua sartu zuen, eta Castres aitzinean ezarri zuen berriz ere: 20-14.
Aginte makila hartu zuen etxeko taldeak, eta ez zuen gehiago galdu. Ordutik aitzina, Castresek aldeari eutsi zion. Hurrengo minutuetan, Yachvili eta Teuleten arteko lehia izan zen. Bi ostikatzaileek izan zituzten aukerak baliatu zituzten puntuak sartzeko. Joko horretan, Teulet nagusitu zen, bere taldearen aldeko zigor kolpe gehiago baliatuz zuloa egin zuelako markagailuan: 29-23.
Partida bukatzear zen, eta Miarritzek defentsako puntua segurtatua zuen. Ez zitzaion aski, alta, eta entseguaren bila joan zen. Azken jokaldian uztartzea irabazi zuen zelai erdian, baina huts egin zuen erasoaldian. Etxeko taldeak irabazi zuen. Hurrengoan izan beharko du.
Toulon 29. Miarritze 23
Miarritzek gauzak zail jarri dizkio Castresi, partida galdu arren
Behin baino gehiagotan aitzinetik joan arren, defentsako puntua bakarrik eskuratu dute lapurtarrek, azkenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu