Miarritzek Heineken kopako partida du buruan

Gonzalezek eta Isaacek atseden eman diete funtsezko jokalari askori gaur Clermonten zelaian jokatzeko

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Irabazi duen talde bat aldatu beharrik ez dagoela dioen esaera ez du beteko Miarritzek arratsalde honetan. Jean Mixel Gonzalez eta Jack Isaac entrenatzaileek txandakatzeen alde egin dute, Clermonteko partidari begira (16:25). Lakafia, Yachvili, Hariñordoki, Haylett-Petty eta Trailleri atseden ematea erabaki dute xuri-gorrien entrenatzaileek. Ondorioz, hainbat gazte edo gutxi aritu diren jokalariak zelaian izanen dira: Afoa, Gimenez, Lesgourgues eta Terrain, besteak beste, hasieratik ariko dira Clermonteko Marcel Michelin zelaian.

Miarriztarren parioa taktikoa da erabat: «Tolosaren aurka jokatuko dugun Heineken kopako final-laurdenetako partida prestatzera joanen gara Clermontera», esan du Isaac gibelekoen entrenatzaileak. Hurrengo astean izanen du denboraldiko partida garrantzitsuenetarikoa Miarritzek. Top14an, gainera, eroso dabil, sailkapeneko hirugarren postuan. Ondorioz, arratsalde honetan probak egiteko luxua izanen du.

Aztalkariaren arazoa

Parean, baina, jokoan anitz duen talde bat izanen dute Agilerakoek. Top14ko txapelduna sasoi zailean dago. Sailkapeneko zazpigarren postuan dago, Heineken kopako postuetatik kanpo, eta dena eman beharko du azkeneko lau partidetan, sailkatu ahal izateko.

Miarritzek ez dauka arazo hori, Baionari irabazi eta gero pauso handia eman baitzuen Heineken kopako txartela segurtatzeko. Xuri-gorrien kezka iturria aztalkari postua da. Baionaren aurka Augustek min hartu zuen, eta sasoiari agur erran dio. Gaur-gaurkoz, aztalkari posturako Terrain baizik ez dauka jokatzeko moduan Lapurdiko taldeak. Arazorik balego, Coetzee harroinak hartuko luke postua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.