Miarritzek lasaiegi hartu du, eta Clermontek astindua eman dio

Xuri-gorriek oso gaizki hasi dute partida, eta argi ikusi da etxekoek askoz gehiago zutela jokoan (41-13)

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Miarritzek ez zuen denboraldiko partida garrantzitsuena jokoan atzo, eta burua Heineken kopako final-laurdenean zuela jokatu zuen Clermonten. Agilerako taldeak hurrengo astean jokatuko du Tolosaren aurka, Anoetan, eta atzoko partidan zaila izan zuen kontzentrazioa mantentzea.

Jean Mixel Gonzalez eta Jack Isaac entrenatzaileek hainbat jokalariri atseden eman zieten, hurrengo asteari begira. Ordezkoei dezente kosta zitzaien Clermonten grina eta indarrari erantzuten. Oso gaizki hasi zuten partida miarriztarrek. Lehen oren laurdena pasa zelarik, jadanik hiru entsegu egin zizkieten eta Clermont 22-0 zen aitzinetik.

Partida hasiera txar horrek erabat baldintzatu zuen jarraipena. Pixkanaka, Miarritzek lortu zuen kontrarioa gelditzea, eta 22-3koarekin joan ziren bi taldeak aldageletara. Clermont ere lasaitu zen, partida hasiera tximista bezala hasi eta gero.

Bigarren zatian, etxeko taldeak beste erritmo kolpe bat eman zuen. Miarritzek entsegua sartu zuen, eta horrek Clermont berpiztu zuen. Garaipena eta erasoko puntu gehigarria segurtatzeko, berriz erasora jo zuen. Beste hiru entsegu sartu zituzten hori-urdinek, eta 41-8 ezarri ziren. Partidaren azken minutuetan, Miarritzek emaitza zertxobait itxuratzea lortu zuen, Ngwenyaren entsegu baten bidez: 41-13.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.