Miarritzek lidergoari eutsi nahi dio gaur Montpellierren aurka, etxean

Baionak Perpinyan jokatuko du Top 14ko laugarren jardunaldian, etxetik kanpo lehen aldiz irabazteko asmoz

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Miarritzek eta Baionak oso egoera desberdinean ekingo diote Top 14ko laugarren jardunaldiari. Miarriztarrek etxean jokatuko dute, Montpellieren aurka (15:00, Fr. Canal Plus) eta lidergoan segitzea izanen dute helburutzat. Baionarrak, berriz, Perpinyara joanen dira, denboraldi honetan lehen aldiz etxetik kanpo garaipena ekartzeko asmoz (18:30).

Agilera aldean gauzak lasai ikusteko moduan daude. Azken urteetan ez bezala, Top 14a ongi hasi dute Serge Blancoren jokalariek, eta arratsalde honetan haien lehen postua sendotzeko parada izanen dute. Montpellier ahulduta etorriko da Miarritzera, jokalari dezente Argentinako selekzioarekin dituelako. Hala ere, Fabien Galthieren taldeak ongi hasi du liga, hiru partidatik bi irabaziz, eta ez da kontrario samurra izanen.

Miarritzek oraindik Hariñordoki eta Yachvili gabe jarraitzen du, baina orain arte ongi bete ditu hutsune horiek. Joan zen asteko taldearekin alderatuz aldaketa gutxi izanen da. Aipagarriena, Lund anaiak hasieratik ariko direla, Erik bigarren lerroan eta Magnus hirugarren lerroan.

Partida beroa Baionarentzat

Baionak partida beroa izanen du, bere aldetik, Perpinyan. Kataluniako taldeak bere lehen hiru partidak galdu ditu, eta irabaztera behartuta egonen da. Baiona ez dago askoz hobeki, hirutik partida bakarra irabazi baitu, Parisko Stade Françaisen aurka. Perpinyako entrenatzaile berriak, partida beroa iragarri du, eta Christian Lanta Baionako entrenatzaileak badaki lan zaila izanen duela: «Oso harrera beroa eginen digute. Irabazi beharra dute, eta testuingurua gogorra izanen da. Zaleak bero egonen dira, eta borroka anitz izanen da».

Baionak «gerlarako» egokitutako taldea osatu du. Linde, Roumieu, Haare, Tialata... taldeko jokalari borrokalari eta pisuenak zelaian lanerako asmoz izanen dira. Philips ere hasieratik ariko da bere indarra ekartzeko, eta gibelean Fuster harrobiko gaztea hasieratik ariko da, bigarren aldiz jarraian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.