Miarritzek atzo lortu zuen denboraldi hasieratik bilatzen zuen hura. Sufrituta, urduritasun handiarekin eta partida kontrolpean izan gabe, baina garaile atera zen,eta hori zen garrantzitsuena. Egiari zor, partida baldintzatua izan zen. Miarriztarrek horretan errurik ez zuten izan, baina Bordelek ezin izan zituen bere aukerak nahi bezala defenditu.
Lehen lerroan ohiko lau jokalari bakarrik zituen Bordelek eta zortzi min hartuta, eta minutuak aitzina joan ahala gehiegi nabaritu zuen ahulezia hori. Indarrak orekatuta zeudenean, etxekoek serio jokatu zuten eta 6-0 lehenik, eta 11-3 gero ezarri zen aitzinetik, entsegu eder bati esker. Miarritzek, baina, bere orena itxoin zuen, eta uztartzean Bordele txikitu zuen. Behin eta berriz uztartzean min egin zuen, eta azkenean saria jaso zuen. Daviesek txartel horia ikusi zuen, bere taldekideen ezina zigortuz. Hurrengo jokaldian sartu zuen entsegua: 11-13.
Dena alde zuen Lapurdiko taldeak zuloa egiteko, baina ezin izan zuen. Bordelek bihotza ezarri zuen, eta Miarritzeri konfiantza falta nabaritu zitzaion. Azken minutuak astunak izan ziren. Bordelek gogoa zuen, eta Miarritze erasoaldiak eraikitzeko sufritzen ari zen. Ondorioz, tentsioa nagusitzen joan zen. Azkenean, garaipena segurtatu zuen Miarritzek, eta horrekin konforme, egoera samurtzeko puntuak ziren.
Miarritzek ondo kostata irabazi du lehen partida, Bordelen (11-13)
Lapurtarrek ez dute partida ona egin, baina uztartzean izandako nagusitasunak urrezko lau puntu eman dizkie
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu