Miarritzek oso partida zaila du Clermont bigarrenaren aurka

Gaur etxean irabazten badute, lapurtarrek pauso garrantzitsua emango dute mailari eusteko bidean

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Miarritzek bere hobekuntza berresteko beste aukera bat izanen du arratsalde honetan. Serge Blancoren taldeak Clermont hartuko du, Agileran (14:05, Fr. Canal Plus). Azken hiru partidak jarraian irabazi ondoren, jaitsiera postuak gero eta urrunago ditu Miarritzek, eta sailkapeneko 10. postuan dago orain. Une onean iratzarri da, bost partida baizik ez direlako falta Top 14ko fase erregularra bururatzeko.

Taldea ongi ari da, eta jokalarien artean oreka ona atzeman dute entrenatzaileek. Sasoi hastapenean protagonismorik ez zuten batzuek rol garrantzitsua dute orain: Watremez, Taele, Guyot... Dena ongi doa Miarritzen, mailari eustea oraindik segurtatua ez dagoen arren.

Suak berdera pasatu ahala, konfiantza ere handituz doa: Clermont bigarren sailkatua jasotzeko egoera aproposa da. «Lehen itzulian ez genuen asmatu, eta astindua jaso genuen —41-0 galdu zuen—. Orain, aldiz, gauzak aldatu dira, eta irabazteko gogoz gaude », aurreratu du Pelu Taele bigarren lerrokoak.

Gauzak hobera joan arren, lau punturen aldea bakarrik dauka Miarritzek jaitsiera postuekiko. Gaur irabazteak garrantzi handia izanen du, jaitsiera gibelean uzteko. Hemendik bi astera Baionaren aurkako derbia jokatu baino lehen, taldeari hain beharrezko duen lasaitasuna ekarriko dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.