Azaleko lasaitasun horretan bildu da
Derbiaren astea beti da berezia. Nola doa partidaren prestaketa?
Ongi doa. Jokalari guztiak kontzentratuta gaude, eta aitzina begira. Joan den larunbateko porrota ez dugu ahantzi, baina barneratuta dago, eta orain aitzina begira gaude.
Porrot horrek min egin dizue. Etxeko lehena izan da, eta Christian Gajanek hitz gogorrak erran ditu.
Christianen hitzak ongi gogoan ditugu. Dena eginda zegoela uste genuela erran du, garaipena bere kasa etorriko zela. Astelehenean denek elkarrekin aztertu dugu partida, eta oso kontziente gara bertan erakutsitako gabeziez. Hala ere, taldeak oso ongi erreakzionatu du, eta USAPen aurka erakutsi petoak zuzentzeko gogoz gaude.
Usu derbiak kutsu berezi hori dauka. Zuen kasuan, sailkapenean puntuak lortzeko premiarekin harrapatu zaituzte derbiak, ezta?
Testuingurua hor dago, noski. Badakigu dagoeneko lekurik ez dela gelditzen salgai. Estadioa betea izanen da, eta giroa ere beroa izanen da. Baina, hori dena izan baino lehen, derbia Top 14ko beste partida bat gehiago da. Etxean ari gara, eta bi aldiz jarraian galtzea ez da onargarria. Perpinyaren aurka galdu eta gero, berehala zuzendu behar dugu martxa.
Egutegiari begira ere, berebiziko garrantzia dauka partida horrek. Miarritzeren aurka jokatu eta gero, lau talde handien aurka jokatuta izanen zarete. Baiona noraino iristen ahal den jakiteko aukera egongo da?
Oso ziklo zaila izan dugu azkenaldian. Clermont, Tolosa, Perpinya eta Miarritzeren aurka jokatu dugu, hurrenez hurren. Miarritzeri irabaziz gero, balantzea orekatua izanen da, bi garaipen eta bi porrot izanen baititugu. Gainera, derbiaren ondotik, Europako Kopa hasiko da, eta ziklo bat itxiko da Top 14an. Sailkapeneko lehen postuetan jarraitu nahi badugu, ez dugu beste aukerarik; irabazi beharra dugu.
Sasoi hasieran denen ahotan egon zarete, eta Miarritzek kritikak jaso ditu. Azkenaldian, baina, gauzak iraultzen ari dira: Miarritzek azken hiru partidak irabazi ditu, eta zuek azken biak galdu. Faboritoak al zarete?
Ez gara inondik inora ere faboritoak. Miarritze Europako txapeldunordea da, eta oso talde sendoa du. Sasoi hastapenean motorra martxan ezartzea kostatu zaio, baina gora eta gora doa. Racingetik emaitza ona ekarri du defentsako puntu gehigarria eskuratuta. Guk, berriz, Perpinyaren aurka galdu dugu etxean. Eta ez da ahantzi behar nondik gatozen. Gauzak ongi bidean, bigarren mailan egon beharko ginateke. Top 14an mantentzeko xantza dugu, baina ez dugu geure burua faboritotzat hartzeko paradarik.
Bi taldeek ezaugarri berdintsuak dituzue: aitzinean sendo, ostikoetan bikain, baina gibelean jokoa zabaltzeko zailtasunekin. Nolako partida espero duzu?
Intentsitate handiko partida izanen da, derbi guztiak bezala. Defentsan diziplina handia erakutsi beharko dugu, mementu honetan Yachvili gaitzeko forman dagoelako eta edozein aukera puntu bihurtuko duelako. Serio aritu beharko dugu, ideiak argi izanda eta Miarritzeri aukerarik eman gabe.
Iragan sasoian, Anoetan, txartel gorriaren ondotik Miarritze suspertu egin zen, eta aitzinean nagusitu zitzaizuen. Desafio handia izanen da zuen uztartzearentzat, ezta?
Iragan sasoiko kontuak iraganekoak dira, eta orain aitzina begira gaude. Baina egia da oso gaizki kudeatu genuela jokalari bat gehiagorekin jokatu beharra. Miarritzek bere jokoa itxi zuen, eta aitzinean bildu zen. Hala ere, orain anitz hobetu gara alde horretatik, eta oso lehia polita izanen da aitzinean.
Sasoi hasieran zuen uztartzeak kritikak jaso ditu, baina hobetuz joan da. Horrek lasaitasuna emango du Europako uztartzerik sendoenetariko baten aurka jokatu aurretik, ezta?
Pertsonalki ez nau sekula sobera kezkatu uztartzearen inguruko eztabaida horrek. Sasoi honetan uztartzeetan sartzeko aginduak aldatu dituzte, eta denbora gehiago behar da harroinak uztartzean sartzeko. Lege aldaketa horrek huskeria dirudi, baina aldaketa handia ekarri digu. Erreforma izan da, azkenean, eta hasieran denbora behar izan dugu agindu berrietara egokitzeko. Eta kasu hau ez da gurea bakarrik, Top 14ko partida guztietan uztartzeen fasea arazo anitz ematen ari baita. Partidak joan ahala hobetu gara, eta uste dut uztartzeetan sendo ibiltzeko moduan gaudela erakutsi dugula.
Hirugarren urtea duzu Baionan jokatzen. Derbietara ohitu al zara?
Derbiaren berezitasuna jokalari berriek nabari dute gehienbat. Urteekin esperientzia hartzen da, eta gauzak bere lekuan ezartzen dira. Aste hau, adibidez, oso lasai doa guretzat, eta urte osoko beste edozein asteren gisara pasatzen ari da oraingoz.
Agian presioak derbiaren ondotik joko du goia, batez ere partida galtzen baduzue...
[Barrez] Bai, hori horrela da. Ederki dakigu derbia galtzea debekatuta dagoela. Oraingoz lasai prestatzen ari gara partida, baina larunbateean galduz gero, presio latza izanen dugu bizkar gainean. Nahiago dut testuinguru hori buruaren txoko batean gordetzea, eta horretan ez dut sobera pentsatu nahi, nahiz eta argi dagoen euskal derbia galtzeak ondorioak dituela galtzailearentzat.