«Ez gaude pozik emaitzarekin. Gehiago nahi genuen. Oso garrantzitsua da lanean jarraitzea, puntu beharra daukagulako». Horiek izan ziren Jerome Thion Miarritzeko kapitainaren adierazpenak, joan zen astean Agenen aurka berdindu ondoren. Top14a hirugarren jardunaldian sartuta dago bakarrik, baina dagoeneko emaitzen presioa oso handia da. Sasoi hasiera ez da Aguileran espero zuten bezalakoa izaten ari, eta Miarritzek bigarren partida jokatuko du jarraian etxean, irabazteko obligazioarekin.
Miarriztarrek sasoi hasierako arazoak taldearen gaztetasunarekin azaltzen dute. «Partidaren une garrantzitsuetan ez dute asmatu. Gazteak dira, eta normala da», dio Patrice Lagisquet xuri-gorrien errugbi arduradunak. Baina, gazte izan ala eze, irabazi behar du Miarritzek. Lana ez da erraza izanen, parean Castres izanen baita. Castresek aitzinean duen sendotasunari erantzuteko Erik Lunden ekarpena garrantzitsua izanen zen, baina bigarren lerroak ezin izango du gaur jokatu.
Miarritzek sasoiko lehen partida irabazi nahi du gaur, Castresen aurka
Xuri-gorriek Aguileran jokatuko dute neurketa, eta hori aprobetxatu nahi dute bolada txarra eteteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu