Soka luzea du oraindik larunbatean Miarritze eta Baionaren arteko derbiaren ostean gertatutakoak. Miarritzek garaipena lortu zuen, eta Top14ra igo zen, eta partida amaieran Miarritzeko zaleek Aguilerako zelaia hartu zuten ospatzeko, COVID-19aren aurkako neurriak egon arren. Pirinio Atlantikoetako presidenteak atzo iragarri zuen neurriak hartuko zituela horren aurka. Baina Miarritzeko presidenteak ukatu egin du ez zituztela osasun neurriak bete, Benjamin Guffletek. Haren arabera, neurri guztiak bete zituzten. "Zelaira irten ziren zaleak txertatuta zeuden, eta PCR proba negatibo bat zuten. Ez dugu araudirik urratu". Gainera, berretsi du edukiera errespetatu zutela.
Baina, irudiei begiratuta, harmailetan 5.000 ikusle baino gehiago zeudela ikus daiteke. Sarrerako kontrolak ez zirela behar bezain zorrotzak izan adierazi dute hainbat zalek, eta kalapita eragin dute Guffetek Frantziako Gobernuak Pirinio Atlantikoetan duen ordezkariari emandako bost sarrerek. Hark ukatu egin du eman egin zizkiotela, eta berretsi du erosi egin zituela, prezio ofizialean. Partida amaieran, gainera, ospakizunak izan ziren Miarritzeko kaleetan.
Hori ikusita, Pirinio Atlantikoetako prefetak, Eric Spitzek, atzo adierazi zuen fiskaltzara joko duela eta aztertzen ari dela Miarritzen aurkako zigorrak jartzea. "Kirol ekitaldien antolatzaileen ardura da osasun neurriak betetzen direla bermatzea, eta kasu honetan ez zen hala izan. Poliziak berretsi du estadioan alkohola saldu zela, sarreretan kontrolak ez zirela behar bezain zorrotzak izan, eta baimendutako aforoa nabarmen gainditu zen. Horren aurka neurriak hartu beharko ditugu. Izan ere, klubek estatuaren aldetik laguntzak jasotzen dituzte legedia betetzen duten neurrian. Ikusiko dugu zer neurri harten dugun: zelaia itxi, laguntza horiek kendu...".
Frantziako Errugbi Ligaren zigorra jaso dezake Miarritzek ere, gertatutakoa berresten bada.