Kolpe polita eman zion atzo Michael Albasinik (Greenedge) Kataluniako Voltari. Hain itzuli motzetan, segundo gutxiren jiran egoten da garaipenaren saltsa. Eta suitzarrak 1.32 minuturen alde politarekin jantzi zuen liderraren maillota. Biharko etapa gogorra aintzat hartuta, bereziki, Albasini ez da Volta irabazteko faboritoa. Podiuma bera ere urruti geratuko zaio ziurrenik. Baina dotore biribildu zuen Greenedgeren asteburu oparoa. Simon Gerransek garaipen handia lortu zuen larunbatean, Milan-San Remo klasikoan. Eta Albasinik beste kolpe eder bat gehitu zion bere palmares meheari. Suitzarra ez da txirrindulari garailea, baina sona handiko lorpenak dauzka pilatuta, Euskal Herriko Itzuliko etapa bat tartean, orain hiru urte.
Calellan hasi eta bukatu, 138,9 kilometro zeuzkan Voltako lehen etapak. Eguzkipean, oso urduria izan zen lehen ordubetea, eta etapa ehiztariei kosta zitzaien ihesaldia gorpuztea. Azkenerako, 51. kilometroan joan ziren ihesean bost txirrindulari: Albasini bera, Anthony Delaplace (Saur Sojasun), Timothy Duggan (Liquigas), Ben Gastauer (Ag2r) eta Nicolas Edet (Cofidis). Sei minututik gorako aldea ere izan zuten, eta tropelari berehala nabaritu zitzaion ezina. Movistar, Lampre eta Astana, bereziki, saiatu ziren aldea murrizten. Baina euri jasa eta kazkabarra ere tropelaren arerio bihurtu ziren.
Garaipena aurrean zegoela ikusita, Albasinik hirugarren mailako azken igoeran jo zuen erasoa, eta bakar-bakarrik helmugaratu zen. Gironan hasi eta bukatu, bigarren etapa jokatuko da gaur, 161 kilometrokoa.
Michael Albasinik irabazi du Kataluniako Voltako lehen etapa, ihes eginda
Tropela ez da gai izan bost txirrindulariko ihesaldia kontrolatzeko, eta alde polita dauka orain suitzarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu