"Esan dezakeguna da bere bizitzaren alde borrokatzen ari dela. Egoera zailean dago". Hala azaldu dute Michael Schumacher artatu duten sendagileek haren osasun egoera: "Ezin dugu iragarri zer gertatuko den; orduz ordu ari gara lanean, baina goizegi da".
Azaldu dute oraingoz ez dutela beste ebakuntza bat egitea espero, eta nabarmendu dute kaskoa eraman izana erabakigarria izan dela Schumacherrek bizirik jarraitzeko: "Uste dugu kaskoak lagundu zuela, hura gabe ez legoke hemen".
Buruan ebakuntza egin zioten atzo iluntzean, Grenoblen (Frantzia). "Buru traumatismo larria zuen [erietxera] iristean, eta berehala behar zuen ebakuntza", jakinarazi du bart gauean Grenobleko Unibertsitate Erietxeak. RMC Alemaniako irratiaren arabera, odoljarioa du garunean, eta hil ala biziko egoeran dago.
Atzo goizeko hamaikak aldera gertatu zen istripua, Schumacher araututako pistetatik kanpo eskiatzen ari zela. Moutierseko ospitalera eraman zuten aurrena, baina Grenoblekora eraman zuten gero. Koma egoeran iritsi zen bertara.
44 urte ditu Schumacherrek, eta zazpi aldiz 1 Formulako txapeldun izandakoa da: 1994, 1995, 2000, 2001, 2002, 2003 eta 2004an. 1990ean egin zuen jauzi 1 Formulara, eta iaz hartu zuen behin betiko erretiroa.