Osasuna

Miguel Artxanko eta Osasunako zuzendaritzako beste sei kide ohi akusatuen aulkian eseri dira

Taldeak Espainiako Lehen Mailan jarrai zezan, bi denboralditako partida bana erostea eta horretarako kontuak faltsutzea leporatzen diete.

Miguel Artxanko Osasunako presidente ohia, auzitegira iristen. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Ion Orzaiz.
2020ko urtarrilaren 20a
17:23
Entzun

Hasi da Osasuna auziko lehen saioa Nafarroako Auzitegian. Akusatuen aulkian eseri dira Miguel Artxanko klubeko presidente ohia eta haren zuzendaritza taldeko beste sei kide, Betis Espainiako futbol taldeko hiru jokalari ohi eta higiezinen enpresa bateko bi agente. Iruñeko kluba Espainiako Lehen Mailan mantentzeko bi partida erostea leporatzen diete, eta horretarako kontuak faltsutu izana.

Ustez erosi zituzten partida horiek 2012-2013ko eta 2013-2014ko denboralditan jokatu ziren. Auzia ez zen azalera atera, ordea, 2015. urtera arte: Angel Bizkai 24 urtez taldeko kudeatzaile izandakoak urte horretako martxoan Espainiako Futbol Liga Profesionalari aitortu zion aurreko bi sasoietan partidak erosi zituela taldea Lehen Mailan mantentzeko.

Partidak erosteaz gain, kontuak faltsutzea ere egozten diete auzipetuei. Fiskalaren arabera, C. Valencia eta A. Nolla higiezinen arloko agenteekin gezurrezko kontratua izenpetu zuen Bizkaik, 900.000 euroko gastua justifikatzeko. Artxankoren zuzendaritza taldeko kideei leporatu diete Osasunaren kontuetatik eta ondaretik 2,5 milioi euro ateratzea aipatutako bi sasoi horietan. Osasunak, horregatik, akusazio partikular gisa, diru kopuru hori erreklamatuko die.

Zigor arloko bigarren aretoa aztertzen ari da auzia, baina epaimahaiko hiru kideetatik bi, Jose F. Cobo eta Ricardo Gonzalez, gaixo daude. Ordezkoak izendatu dituzte asteon: Mari Paz Benito eta Margarita Perez-Salazar. Aldaketaren aurka egin du Artxankoren defentsak. Haren abokatuek esan dute magistratuen aldaketa ostiralean jakinarazi zela, epaiketa hasi baino egun bat lehenago. Zehazki, argudiatu dute Coboren ordezkapena «horretarako motiborik eman gabe» egin zela. Artxankoren abokatu Chelo Solak berretsi du ez dietela denborarik eman epaimahaiaren errekusazioa aurkezteko. Helegitea aurkeztuko dute horregatik.

Espainiako Futbol Liga Profesionala akusazio gisa aurkeztu izanaren aurka ere azaldu da Artxankoren abokatua: «Ligak ezin du bere burua kaltetu gisa aurkeztu, ez baita ondasun eta diru horien jabe». Fiskalak Sola abokatuari erantzun dio Espainiako Ligari dagokiola kirolaren joko garbia eta egonkortasun ekonomikoa zaintzea, eta, hortaz, akusazio izan daitekeela. Artxankoren defentsari egotzi dio «denbora galdu» nahi izatea, «duela bost urtetik ezagunak diren kontuekin». Osasuna taldeko abokatuek ere ontzat jo dute Espainiako Futbol Liga akusazio gisa aurkeztu izana, «Osasuna liga profesionaleko partaide den heinean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.