txirriNDULARITZA

Mikel Astarloza irabazle Tourrean

Itzuliko 16. etapa eskuratu du Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak, eguneko ihesaldian egon eta bukaeran erasoa jota. Taldeak Tourreko hirugarren etapa garaipena du; aurreko biak Laisekak eta Mayok irabazi zituzten. Contadorrek segitzen du lider, alde berarekin. Bihar ere mendiko etapa izango dute, Alpeetako hirugarrena.

2009ko uztailaren 21a
08:52
Entzun
Mikel Astarloza Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak merezitako saria jaso du gaur Frantziako Tourrean: berak irabazi du 16. etapa, Martigny-Bourg Saint Maurice artekoa (159 kilometro). Bukaeran Franco Pellizotti, Jurgen Van den Broeck eta Amael Moinardekin izan da ihes eginda, helmugarako bi kilometro falta zirela erasoa jo du eta bakarrik heldu da. Sei segundora heldu dira iheskideak. Faboritoen tropela, 59ra.

Hilaren 11ko etapan ere beste batzuekin ihes eginda iritsi zen helmugara, Saint Gironsekora, eta hirugarren izan zen. Gaur bai, gaur garaile izan da Pasaiako (Gipuzkoa) txirrindularia eta BERRIAko zutabegilea.

Tourreko hirugarren etapa garaipena du Euskaltelek gaurkoa: Roberto Laisekak irabazi zuen aurrenekoa, Iban Mayok bigarrena.

Astarlozak berak profesionaletako bigarren garaipena du. 2003an irabazi zuen orain arteko bakarra: Down Under itzulia. Azaroan 30 urte beteko ditu, eta 2002tik da profesionala -AG2R taldean egin zuen debuta-. 2007tik dago Euskaltelen, eta urte hartan erdietsi zuen Tourreko sailkapen nagusian bere posturik onena: bederatzigarren -iaz hamaseigarren izan zen-. Espainiako Vueltako posturik onena, 28.a, iaz. Italiako Giroan inoiz ez da atera.

Ihes eginda lehen mendatetik

Grand Saint Bernard maila bereziko mendatean sortu da eguneko ihesaldia, etaparen hasiera aldera, eta han zen Astarloza. Baita Euskalteleko beste bi txirrindulari ere: Igor Anton eta Gorka Verdugo. Hasieran aipatutako laurak Petit Saint Bernard lehen mailakoan geratu dira bakarrik, eta 2.03ko aldearekin heldu dira tontorrera. Handik beherakoa jaitsiera zen, ordea, eta eutsi egin diote aldeari.

Alberto Contadorrek segitzen du Tourrean lider. Lance Armstrong dago bigarren -1.37ra-, Bradley Wiggins hirugarren -1.46ra-, Andreas Kloden laugarren -2.17ra-. Astarloza 11. jarri da orain, 4.38ra; bera da lehen euskal herritarra.

Mendiko etapa garrantzitsua bihar

Bihar korrituko dute Tourreko 17. etapa, Alpeetako hirugarrena: Bourg Saint Maurice-Le Grand Bornand (169,5 kilometro). Bost mendate igo beharko dituzte. Cormet Roselend (18,1 kilometro eta %5,7ko batez bestekoa), Saisies (15,1 kilometro, %6), Araches (6,3 kilometro, %7), Romme (8,8 kilometro, %8,9) eta Colombiere (7,5 kilometro, %8,5). Batuketak eginda, 55 kilometro pasatxo pilatuko dituzte goraka eta, maila bereziko mendaterik ez dagoen arren -bigarren mailakoa da Araches, eta lehen mailakoak gainerakoak-, %10eko malda pikoak dauzkate azken biek: Rommek eta Colombierek.

15 kilometro daude Colombiereko gainetik Le Grand Bornandeko helmugara eta, beraz, erabakigarria izango dira Colombiereko azken sei kilometroak. %9tik gorako batez besteko pendiza du azken zati horrek.

Etzi 40,5 kilometroko erlojupekoa izango dute, larunbatean Mont Ventoux maila bereziko mendian amaituko da etapa, eta igandean bukatuko da Tourra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.