Mikel Beroizek ez du buru buruko txapelketan parte hartuko eta Aritz Beginok jokatuko du bere ordez Abel Barriolaren aurka lehen kanporaketan. Uharteko atzelariari pilota bat sartu zitzaion binakako finalerdietako azken partidan, eta hartaz geroztik pilota ukitu ezinik dabil. Eskuin eskuko zurdetako bat handituta du, eta hasieran proba bat egingo zuela esan arren, azkenean bertan behera uztea erabaki du.
Arautegiak lehen kanporaketan parte hartuko duen pilotari bat txapelketa hasi aurretik osasun arrazoiengatik aldatu ahal izatea ahalbidetzen du. Beginoren kasua, baina, bitxia da, iragan larunbatean 22-8 galdu zuelako Arretxe II.aren aurkako atarikoa. Gauzak hala, Leitzako txapeldun ohia izango da faborito garbia final-zortzirenetarako sailkatzeko.
Buruz burukoa maiatzaren 3an hasiko da, Legazpin, baina lehen kanporaketako bi partida non eta noiz jokatuko diren zehaztuta dago. Urrutikoetxea eta Gonzalez Urduñan ariko dira, maiatzaren 4ean, eta Albisu eta Olaetxea 5ean, Tolosan. Aurretik Asperen bigarren atarikoa jokatuko da, etzi, Altsasun. Aritz Lasa Zubietaren aurka ariko da.
Azken entrenamendua
Titin III.ak eta Merino II.ak gaur goizean egingo dute azken entrenamendua igandeko finalera begira, Bizkaia pilotalekuan. Gaur bertan, 2. Mailako binakako finalerako pilotak aukeratuko dituzte Iruñean, Labriten (11:30). Olazabal-Larrinaga eta Jaunarena-Cecilio elkartuko dira.
Mikel Beroizek ez du buruz burukoa jokatuko eta Aritz Beginok ordezkatuko du
Eskuko zurda ez zaio garaiz sendatu eta Asegarcek Autzakoa aukeratu du Barriolaren aurka jokatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu